Gaztetxeko kideak udal gobernuarekin bildu dira. Zemoria kaleko eraikina erabiltzeko proposamena mahai gainean jarri diete udal ordezkariei.
Udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin zuten asteartean, udalarekin bildu ziren arratsalde berean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
«Sekulako eragile zerrenda dago lokal baten eske, eta guk parte hartze prozesu bat proposatu diogu udal gobernuari. Hori izan daiteke ilusioa pizten duen bide bat». Kortxoeneako kideek adierazpen hauek egin dituzte, udal gobernuarekin asteartean bildu eta gero. Zemoria kaleko 20. zenbakiko eraikina erabili nahi dute Groseko gaztetxekoek. Ekainean geratuko da hutsik, eta eraikinaren kudeaketari begira egin dute proposamena.
Eraikina auzoari zabaltzeko aukera ezin hobea dela uste dute, eta lanean jarri dira dagoeneko. Eragile guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, eta Groseko eragile asko eta Donostiako Piratak jada prozesuaren barruan daude. «Eragile askok parte hartu beharko lukete. Zemoriako eraikina izugarri handia da, eta Kortxoenea zena baino zerbait irekiagoa ikusten dugu. Erreferentea izan daitekeen espazio autogestionatu bihur daiteke», azaldu dute.
Zemoria kaleko eraikina udalarena da berez, baina 2000. urtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari utzi zitzaion 10 urterako. Gaur egun, Uliako institutua dago bertan, baina lagapena amaiturik legoke.
Udal gobernuarekin izandako bilera aukera horri buruz hitz egin zuten: «Gu aurrera goaz. Beraiek, ordea, esan dute, aurretik esan bezala, Hezkuntza Sailarekin hitz egin behar dutela. Ez diogu Hezkuntzari inolako eraikinik kendu. Baina udalak baditu mekanismoak gaur egun dagoen eskaerari erantzun bat emateko. Lortu daiteke espazio fisiko bat? Borondate politikoa erakutsi behar dute. Mekanismo desberdinak dauzkate, eta guk, uste dugu, gure proposamena ongi egokitzen dela horietara».
Asteartean izandako bileran, Kortxoeneakoek lehen aldiz izan zuten aukera udal agintariei azaroaren 3an, gaztetxearen huste eta eraistean, gertatu zenaren berri bertatik bertara kontatzeko. «Aurpegi onarekin» entzun zietela adierazi dute, «burumakur» ere bai, entzundakoak entzunda: «Ez zekiten gaztetxea eraisten hasi zirenean jendea barruan zegoenik».
Hala ere, bi aupegi erakusten ari direla kritikatu dute: «Bezperan alkateak batzordean egindako adierazpenetatik harago, bileran berriz ere gurekin aurpegi onez agertu dira. Zein da beraien jokoa? Hori da azken finean duda pizten duena».
Azaroaren 3an gertatutakoa «iruzurtzat» eta «konfiantza urradura» gisa jo dute: «Ez dakigu zein aurpegirekin geratu. Gu saiatu gera behin eta berriz, zailtasunak ikusita, gu gerturatzea. Ez dagoela lokalik eta abar. Gure proposamena dute orain. Guk proposatutakoa posible da, beste tokitan ere egin delako. Honi pisua ematen saiatuko gara».
Lanak gelditu ditu epaileak
Eraiste lanak hasi eta hamar egunera, joan den ostiralean, albistea iritsi zen epaitegietatik: epaileak eraiste lanak gelditzeko agindu du behin behinean, badaezpadako neurri gisa. Lehen Instantziako 2. zenbakiko epaitegiak susmoa du eraikinaren jabe den enpresak gaztetxea husteko zegokion agindua ez zuela; eta hori dela eta, badaezpadako neurri hori hartzea deliberatu du, 3.000 euroko bermea ordainduta.
Gaztetxea azaroaren 3an eraisten hasi ziren. Bertan zeudenak salatu zutenez, goizean goiz atea mailukada batekin hautsi eta aurpegiak estalita, metalezko zilindroak eskuan eta oihuka, eraikinean sartu ziren hamabi bat pertsona. Barruan zeudenak gaztetxetik atera eta ondoren eurek ihes egin zuten.
Egoera horren aurrean, Kortxoeneak salaketa jarri zuen, hustea legez kanpokoa zela argudiatuz. Izan ere, okupazioa era publikoan egin zutenetik 72 ordu baino gehiago pasa zirenez, bertatik jendea ateratzeko epaitegi baten agindua behar zuten.
Salaketa horri arrazoia eman dio Donostiako epaitegiak. «Berandu dator, baina argi dugu gertatutakoa salatuko dugula eta leku guztietara eramango dugula, bai kalera eta baita epaitegietara ere; aurrera goaz, irabaztera goaz. Gauzak horrela ezin direla egin ikusarazteko balioko du», adierazi dute gaztetxekoek.
Bilduk «borondate falta» ikusten du udal gobernuaren aldetik
Agurtzane Altuna.
Bilduk eskatuta, Eneko Goia alkateak, Mikel Gotzon Santamaria Udaltzaingoko komisarioak eta Juan Carlos Cuevas Hirigintzako zuzendariak bilera bat egin zuten astelehenean, Kortxoeneari buruz azalpenak emateko. Hustea eta eraistea legez kanpokoak izan zirela berretsi du Bilduk, eta, koalizioaren iritziz, agerraldian argi geratu zen udal gobernuak bazuela gaztetxea botatzeko asmoen berri: Hirigintza sailak urriaren 30az geroztik eta Udaltzaingoak, bezperatik.
Gertaeren aurrean udal gobernuak «ezikusiarena» egin duela salatu du Bilduk, baina irtenbide bat bilatzeko «borondate falta» dela larriena nabarmendu du. Izan ere, Bilduren arabera, alkateak argi utzi zuen Kortxoeneako kideei ez dietela udal eraikinik uzteko asmorik, , «90 elkarte lokal baten zain daudelako».