23.000 dira hondakinak sailkatzen dituzten familliak.
Gizon bat hondakin organikoak botatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
EH Bilduren ustez 2016ko urtarriletik aurrera hondakinak egoki kudeatzen dituzten herritarrak “saritzeko” moduan dago Udala. Aurreko legealdian hiru programa jarri zituztela abian gogoratu du Axier Jaka zinegotziak: etxe-konposta, auzo konposta eta txip bidezko edukiontzi marroia.
Bilduko ordezkariak emandako datuen arabera, hiru bide hauek erabilita
23.000 herritarrek egiten du gaikako hondakin bilketa, eta ahalegina saritzeko garaia dela uste du: “gaur egun donostiarren herenak parte hartzen du programa hauetako batean. Familia horiek hobeto kudeatzen dituzte beren hondakinak, arduraz jokatzen dute, eta horregatik konpentsazio sistema bat abian jarri behar dela uste dugu”, esan du Jakak.
Ondo bidean, osteguneko udalbatzarrean
hondakinen kudeaketaz arduratuko den batzorde baten sorrera onartuko dute. Alderdi guztietako ordezkariek parte hartuko dute bertan, eta Bilduren ustez, batzorde berriaren lana behar luke hobari fiskalen erreglamendua zehaztea.
Aurreko legegintzaldian jaso beharreko deskontuak ere zehaztu zituzten: txip bidezko edukiontzietan, %15; auzo konpostaren kasuan, %30; eta etxe-konpostajean, %50eko deskontua. Erabilpen datuak biltzeko datu baseak ere sortu zituzten, beraz, Jakaren esanetan, “hobariak jasotzeko baldintzak arautu behar dira orain, erabilpen kopurua, esaterako”.