‘Igelak’ pelikularen filmaketa egiten ari dira. Txomin Eneako sortzaileen egoitza ohia Igeletxea izango da filmean, eta Gorka Otxoak bertan igaroko ditu egunak.
‘Igelak’ pelikulako lan taldea. (Argazkia: L.Ferreira)
Argia, soinua, aktoreen lana, attrezzoa… pelikula bat filmatzerakoan elementu guztiak hartu behar dira kontuan, eta halaxe egin du ere
Igelak filmeko lan taldeak. Patxo Telleria da pelikulako zuzendaria, eta Gorka Otxoa donostiarra aktore protagonista. Egunotan filmaketaren bidaia erdira iritsi, eta Arteleku bilakatu dute eszenatoki. «Eraikin industrial huts baten bila ibili ginen, baina Artelekuk inspiratu egin gaitu», aitortu du zuzendariak.
Banku bateko zuzendariaren papera beteko du Otxoak, eta, delitu ekonomikoak tarteko, etxerik gabekoen elkarte batek –Igelak elkarteak– okupatutako etxe batean topatuko du babesa; Igeletxean, hain zuzen ere. Otxoaz gain, Josean Bengoetxea egiatarra da filmeko aktore nagusienetako bat, Mikel Losada, Gurutze Beitia eta Miren Gaztañagarekin batera.
Pelikularen izenburua eskorpioia eta igelaren alegiatik datorrela azaldu du Telleriak. Istorio horretan, igelak eskorpioiarengan konfiantza dauka, baina azkenean eskorpioiak igelari min egiten dio. «Kasu honetan, igelak etxetik kaleratu dituztenak dira; eta eskorpioiak, bankuak».
Otxoak azaldu duenez, gidoia irakurri bezain laster, filma erakargarria iruditu zitzaion: «Gizarteari buruzko komedia bat da. Bizi ditugun gai gogorren inguruan mintzatzen da, baina modu komiko batean. Nire pertsonaia kaleratzeen aurkako mugimenduaren liderra bihurtuko da; beraz, bizitza bikoitza mantentzen saiatu beharko da, gezur artean». Pertsonaiaren garapena gustuko du donostiarrak, bi alderdi erakusten baititu: ergela eta gizatiarra. Gainera, euskara hutsean egindako pelikula batean lan egitea «gozamena» dela dio Otxoak.
Musikak ere zeresan handia du pelikulan. Izan ere, istorioa krisi egoera batean dago girotua, eta kalean jende ugari dago, tartean musikariak. «Musika akzioaren parte da, eta musikariak beraiek filmeko zati batzuetan agertzen dira», adierazi du Telleriak. Honela, Ainhoa Arteta, Esne Beltzako Xabi Solano, Gose, Doctor Deseoko Francis, Natxo de Felipe, Oreka TX eta Gatibuk parte hartu dute.
Abenduaren 18an filmaketa amaituko dute, eta 2016ko udan pelikula prest edukiko dute. Estreinaldia Zinemaldian izatea nahi dute.