Euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu dute egiatarrek
Asko dira Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, hiriko auzoetan antolatzen ari diren jarduerak. Egian, ordea, apustu ausarta egin dute oraingoan, eta ospakizun edo aldarrikapen soiletatik konpromisora igaro dira. Egia Euskaraz batzordeak Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako proiektua aurkeztu du. Auzoan euskaraz bizitzea da erronka. Horretarako, hainbat lagunek astebeteko txandak egingo dituzte, eta eguneroko bizitza euskaraz egingo dute. Euren euskarazko jardunari eutsiko diote, komunikazioa oztopatu arte. Aitziber Gurutzeaga Egia Euskaraz batzordeko kideak adierazi duenez, “ohikoa izaten da gure ondokoak euskaraz ulertu arren, erabiltzen ez duelako gu ere gaztelerara pasatzea. Esperientzia honetan ondokoak ulertzen duen bitartean euskarari eustea proposatzen dugu”. Dagoeneko 18 eragilek bat egin dute proiektuarekin, baina deialdia irekita dago. Hala, astebetez euskaraz bizitzeko esperientzia bizitzera animatu ditu auzoko eragile eta norbanako guztiak Gurutzeagak.Horretarako sare sozialen bidez edo egiaeuskaraz@gmail.com helbidera idatzi daiteke. Parte hartuko duten eragileetako hainbat ordezkari proiektuaren aurkezpenean izan dira gaur, Plaza Haundin. Orohar, Egian erraza dela euskaraz hitz egitea onartu du esaterako, Alberto Irazuk. Haur Gunearen ordezkari gisa arituko da bera, eta lasai dago astebeteko erronkari aurre egiteko, “nahi izanez gero, euskaraz bizitzea badago Egian”, esan du. Musika, bertsoak eta mokadutxo batekin girotu dute Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako proiektuaren aurkezpena, eta egiatar guztien konpromisoa irudikatzeko, auzo argazki bat ere egin dute Markel Brigak egindako graffitiaren aurrean. Urtarrilean hasiko dira astebeteko txandak egiten. Urtarrilaren 8tik otsailaren 26ra Egiako talde eta elkarteetako kideak ahaleginduko dira euskaraz bizitzen, eta azken astean, otsailaren 26tik martxoaren 4ra, norbanakoen txanda izango da. Bizipenak biribiltzeko, Egia Euskaraz Eguna ospatuko dute martxoaren 12an. Bestalde, euskaraz bizi ahal izateko sortzen diren egoerak edo oztopoak nola kudeatu jakiteko TELP tailerra egingo dute Aitor ikastolan, abenduaren 12an.
Erlazionatutako edukiaEuskaldun berrien esker onez ospatuko dute Euskararen eguna