Zezenketen inguruko kontsulta egiteko sinadura bilketak aurrera darrai
Donostia Antitaurina Orain plataformak zezenketen inguruan egin nahi duen herri kontsulta egiteko sinadura bilketari baimena ematea onartu zuen atzo, Bozeramaileen Batzordean.
Alkateak berak adierazi duenez, Herri Kontsulten Erreglamendua ahobatez onartu zuten aurreko legegintzaldian, eta “orain zentzugabea litzateke herritar talde baten ekimenez abiatutako prozesu bat oztopatzea; ni ez naiz herri kontsulten aurkakoa”.
Dena dela, prozesu luzea izango dela adierazi du Goiak. Zezenketen aurkako plataformak 8.000 sinadura bildu beharko ditu gutxienez prozesuak aurrera jarraitzeko; hirian erroldatutakoen %5a. Horretarako, 180 eguneko epea izango dute.
Erreglamenduak zehaztutako sinadura kopurua bildutakoan erabakiko litzateke kontsulta egin ala ez. Alkateari dagokio erabaki hori hartzea, Bozeramaileen Batzordeak dioena entzun ondoren. Kontsultak egitearen alde azaldu arren, “unea iristen denean” hartu beharreko erabakia dela aitortu du Goiak. Gainera, Herri Kontsulten Erreglamendua bera auzitegietan dagoela gogoratu du, Espainiako Estatuko abokatuak errekurritu baitzuen.
Eneko Goia alkateak