Lurperatu edo erabili
Bizilagun askok jada jaso dute etxean udalak bidalitako galdetegia. Karlos I.aren hiribideko pasabidea erabat itxi ala bizikletentzako aparkaleku bat egin nahi duten adierazi behar dute.
Ana Garcia: “Ezinbestekoa iruditzen zait jendeari galdetzea”
Amara Berrin egiten dut lan aspalditik, eta auzoak bizi izan duen eraldaketa ikusi dut. Bazen garaia! Irakurri berri dut pasabidearena, eta txirrindentzako aparkalekuaren ideia ez zait txarra iruditzen. Espazio horretaz baliatzea izango litzateke egokiena, eta ez beste zerbait eraiki. Aparkalekua zainduta badago, nire ustez, erabilera ona emango genioke. Zerbait egin baino lehen, ezinbestekoa iruditzen zait jendeari galdetzea: auzoaren beharrak ikusteko, jendearen iritzia jasotzeko…
Javi Blanco: “Azkenean nahi dutena egingo dutela uste dut”
Jaiak bizikleta dendan lan egin, eta hemen ere bizi naiz. Pasabidearena aspaldiko kontua da: aurreko legegintzaldian txirrinden aparkalekuaren ideia garatu zuten, eta guk proposamen bat luzatu genien. Aurrera zihoala zirudien, baina orain geldirik dago berriro. Bizikletentzako beharrak kontuan izanda, ez da zentzuzkoa eginda dagoen azpiegitura bati erabilerarik ez ematea. Iruditzen zait galdeketa politikarien burua garbitzeko modu bat dela. Azkenean nahi dutena egingo dutela uste dut.
Pilar Rodrigo: “Hobe izango litzateke ixtea, eta bizikletak hiribidean jartzea”
Pasabidea kentzea gustatuko litzaidake. Txirrindena ez dut egingarria ikusten; hobe izango litzateke pasabidea ixtea, eta bizikletak hiribidean bertan jartzea, txirrindaren erabilera handia dagoelako auzoan. Ez dut uste pasabidea oso segurua izango litzatekeenik; lapurtzeko errazago ikusten dut, eta kostu handiagoa ekarriko luke. Hitz egin dudan jende gehienak lurperatu nahi duela esan dit; ea zer gertatzen den! Galdeketako gure iritziak kontuan hartzen ez badituzte, kritikak jaso ditzakete.
Iñigo Segues: “Eginda dagoen zerbaiti erabilpena ematea da egokiena”
Urte gutxi daramatzat hemen bizitzen, baina eraldaketa ikusi dut. Lehen pasabidea pila bat erabiltzen nuen, baina orain, goiko zati guztia irekita dugunez, hortik joaten naiz; argi pila bat dago. Nik txirrinda ez dut erabiltzen, baina txirrindulari asko daudela iruditzen zait; beraz, erabilgarria izango litzateke. Lurperatzearena ez dut ikusten; eginda dagoen zerbaiti erabilera ematea da egokiena. Herritarrei iritzia beti galdetu beharko liekete, edozein erabaki hartu baino lehen.
Iñaki Irurzun: “Egiazko erabilera ematen bazaio, horren aldekoa naiz”
Apirilean ireki genuen denda, eta auzoaren eraldaketa guztia onerako izaten ari da. Galdeketa jaso dugu, eta dagoeneko bidali dugu gure iritzia. Ez dakit hainbeste bizikleta dagoen aparkaleku bat eraikitzeko, baina ez zait gaizki iruditzen. Egiazko erabilera ematen badiote, horren aldekoa naiz. Halere. nik, pertsonalki, ez nuke bizikleta hor utziko, etxean edukiko nuke. Udal gobernuak galdeketa egin du, baina ez dut uste kasurik egingo digutenik, itxura egiteko dela uste dut.


