Burujabetzarako pausoak ematen hasi dira, Intxaurrondoko gaztetxearen 20. urtemugan. Auzolan batekin ekin diote ikasturteari, eta urte osoko plangintza bat osatu dute
Gogotsu eta indartsu abiatu dute ikasturtea Letaman izenarekin ezaguna den gaztetxean. Bi hamarkada bete ditu hiriko gaztetxerik zaharrenak, eta, azken urteotan ibilbide gora beheratsua egin duen arren, burujabetzarako pauso irmo eta sendoak ematen hasi dira.
Duela bizpahiru urte hasi ziren Intxaurrondoko gaztetxeari berriz bizitza emateko lanean. Lehen urratsak motelak izan zirela azaldu du gaztetxeko kide Mikel Estombak: «Asanblada ireki bat egin zen, eta pixkanaka, kuadrillaka, jendea elkartzen hasi ginen. Auzoko gaztetxean presentzia izan nahi genuen». Azken aldian gaztetxea «itzalita» egon dela azaldu du Estombak, baina ikasturte berriarekin batera indarra hartzen hasiak direla jakinarazi du: «Egutegi bat egin dugu, eta gure jardueren grafikoak gora eta gora egingo du».
Letamanek 20 urte bete ditu aurten, baina gaur egungo kideak ez dira ibilbide osoaren lekuko izan: «Bi hamarkada bete ditu, baina gure historia ez da duela 20 urte hasi. Gu beti auzoan ibili garen gazte batzuk gara. Duela 4 urte pentsatu genuen gazte mugimenduan murgiltzea. Auzoko gaztetxean baino hobe, non? Oraindik gazte asanbladarik ez zegoen, eta duela hiru urte berpiztu genuen, eta pixkanaka abiada hartzen joan gara», adierazi du gaztetxeko kideak.
Geroztik, auzoan mugimendua sortzen hasi zela gehitu du Estombak. Batetik, Donostiako Piratekin bat eginda, Traganarruakkofradia sortu zuen gazte asanbladak, eta duela urtebete Intxaur jaiak sortu zituzten, desagertzear ziren Hego Intxaurrondoko jaiak ez galtzeko. «Uda partean goiko jaiak hartu genituen. Gure filosofia da ez soilik gaztetxean lerrotzea borroka».
Jaietan euren presentzia ere nabarmendu nahi dute: «Harrera eta emaitza ona izan zuten jaiek, eta aberasgarria izan zen asanbladarentzat eta auzoarentzat».
Hiru eragilek osatzen dute egun Intxaurrondoko gaztetxea: Gazte Asanbladak, Traganarruak kofradiak eta Intxaurrondoko Ernai-k. Halere, Estombak azpimarratu du gune irekia dela gaztetxea, eta eragile gehiago hartzeko prest daudela.
Helburu argi bat dute, Intxaurrondoko gazteria mugitzea: «Intxaurrondo lotegi-auzoa izan da. Gazteon presentzia nabarmendu nahi dugu. Donostian esan nahi dugu Intxaurrondo existitzen da».
Urriaren bukaeran gaztetxea txukundu eta hainbat gauza konpontzeko auzolana egin zuten, eta, geroztik, hainbat jarduera hartu ditu gune autogestionatuak. Hilabetean behin, gutxienez, kontzertu bat egiten dute. Feminismoarekin lotutako jarduerak ere lantzen hasi dira, gaztetxeko hiru kideren ekimenez. Feminismoaren Trena izeneko ikastaro moduko bat prestatu dute, eta hilabetero elkartzen dira, «geltokiz geltoki eztabaida piztu eta feminismoaren inguruan gogoeta egiteko».
Garagardoa ekoizteko proiektu bat ere landu nahi dute, eta baratza bat egitea dute helburu gisa. Finean, autogestioaren bitartez burujabetzarako pausoak eman nahi dituzte.
Hausnarketarako unea
(Argazkia: Nerea Lizarralde)
Kortxoenea gaztetxearen eraistea, Donostia 2016 kultur hiriburutza… Hausnarketa egiteko unea izan dela diote: «Nabaritu dugu Donostia krisi kultural batean murgildurik dagoela. Eraitsi berri duten Kortxoenea eta lagapena berritu nahi ez dioten Txantxarreka gaztetxearen kasuak ditugu».
Egoerari erreparatuta, Letamanek beste bide bat hartzea beharrezkoa zela erabaki zuten: «Bide indartsu bat egiteari ekin behar genion. Horregatik hasi genuen ikasturtea auzolan batekin, aro berri bat irudikatzeko. Indartsu eta gogotsu gaudela erakusteko».
Urte osoko plangintza bat egin dute, eta hil honetarako hainbat jarduera prestatu dituzte. Gaur, esaterako, Saharekiko elkartasun eguna egingo dute. Uholdeak direla eta, egoera larrian daude kanpamenduetako sahararrak, eta gaurko egunarekin bildutako diru guztia kalteak konpontzeko proiektura bideratuko dute.
Hilaren 26an, auzoko presoekiko elkartasun eguna ospatuko dute. Eta abenduaren 31n, gaztetxean ohikoa den urte zahar festa egingo dute: «Ohiko kotiloi matxistak salatzen ditugu, gure festa alternatiba bat da».
Datorren urtean hausnarketa prozesuarekin aurrera egingo dutela aurreratu dute gaztetxeko lagunek: «Badakigu nora joan nahi dugun, baina gure filosofia zehaztu nahi dugu. Nahiz eta gaztetxearen tamainak mugatzen duen proiektua, gazteriaren ilusioak handitu dezake proiektu txiki bat».
Goma fabrika eta ikastolaren egoitza, gaztetxe bilakatu aurretik
Hogei urte dira gaztetxea okupatu zutenetik; joan den uztailaren 25ean ospatu zuten urtemuga. Letaman izena eraikin hartan izan zen goma fabrikaren izenetik datorkio. 1985an, Intxaurrondoko ikastola eraikin horretan egokitu zuten eta handitzeko lanak ere egin zituzten. 1995an, ikastola beste eraikin berri batera joan zenean, auzo horretako gazteek eraikina okupatu zuten, biltzeko eta antolatzeko leku baten premia baitzuten.
Larrotxene kultur etxearen ondoan dago gaztetxea. Egungo gune autogestionatuaren eraikina, ordea, ez da berdin mantendu –udalak Letaman fabrika zenaren eraikina eraitsi zuen, 2007an–. Izan ere, Letaman bi eraikinek osatzen zuten: Kafetax eraikina eta etxe prefabrikatuak.
Kaleratze mehatxua
Kafetax eraikinaren «egitura eskasa aitzakia gisa hartuta», kaleratze mehatxua iritsi zela azaldu du Arritxu Larrañaga intxaurrondotarrak. Udalak Intxaurrondoko gune hau berritu nahi zuen, aparkaleku bat eta plaza bat sortu. Gaztetxeak etxe prefabrikatuak mantentzeko akordioa lortu zuten udalarekin, Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartearen babesari esker. «Letaman dagoen lekuan auzoko eragileentzako lokalak egiteko proiektua omen zuen udalak garai hartan, baino bederatzi urte hauetan ez da bide horretan inolako pausorik eman; lehen akordio haren bitartez, proiektua abian jarri bitartean prefabrikatua mantentzea onartu zuen udalak, baita gazte asanblada lokal horiek erabiliko zituen eragileetako bat izatea», adierazi du Larrañagak.
Markel OrmazabalDonostian 28 urte okupatuz, 1977-2005 liburuaren egileak ongi ezagutu zuen garai hura, denbora asko eman baitzuen bertan entseatzen, auzolanetan parte hartzen, jaialdiak antolatzen… «Kafetax deitzen genuen eraikin hartan entsegu lokalak zeuden. 2006. urtean bost musika talde ibiltzen ginen han. Jangela herrikoi bat ere izan zen pare bat urtez, eta hainbat talderen bilgune izan zen; AHTaren aurkako asanblada, Gelditu prekarietatearen aurkako taldea, Eten globalizazioaren aurkako taldea… Auzoko Intxaurkaria gazte aldizkaria ere bertan sortu zuten, eta Zurrunbilo Altzako gazte aldizkariko lagunak ere bertan biltzen ziren noizean behin».
2003an, lehen aldiz, Gau Pirata antolatu zuten Kafetax eraikinean, eta, horren harira, 2004. urtean eraberritze lanak egin zituzten etxe prefabrikatuan: agertokia eta barra bat jarri zituzten. Eraisteari lotuta, Ormazabalek esan du Donostian 2007. urtean kaltzada harria zuten bi gune besterik ez zirela geratzen, bata Kaian eta bestea Kafetax eta kultur etxearen arteko igarolekuan: «Koldo Izagirrek dioen bezala, Donostian langile kutsua duen guztia eraisten dugu, Letaman eta Kortxoenea lantegiak, adibidez, baina ez hori bakarrik, historikoak izan beharko luketen harrizko kaltzadak ere bai».
Azken bideoak
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea