Gaztainak eraman dizkie Mari Domingik Egiako haurrei
Txondorra gunean izan da Olentzeroren laguntzailea, Eguberriak iragartzeko.
Bagera elkarteak antolatuta, Mari Domingi eskolaz eskola eta auzoz auzo dabil egunotan, haurrei bisita egiten, Gabonak gertu daudela iragartzeko. Ekintza, Axular, Ikaskibide eta Ibai Lizeoa ikastoletatik igaro ondoren, Egiako Txondorra gunearen txanda heldu da. Auzoko txikienak ez ezik, gurasoak ere bildu dira bertan, Olentzeroren laguntzailearekin egoteko irrikaz.
Lurrean eserita zeudenean, “Mari Domingi! Mari Domingi!” ozen oihukatu dute Egiako haurrek. Hirutan deitu behar izan diote, eta azkenean gelako atetik agertu da. Ume guztiak poz-pozik jarri dira, eta Mari Domingik kontatu dituen istorioak jarraitu dituzte. “Guk badakizkigu, baina gurasoek ez!”, esan du mutiko batek.
Bada, duela urte ugari, herritik kanpo bizi zela azaldu du Mari Domingik: “Behartsua nintzen, eta, behin, ohean nengoela, Olentzero etorri zen. Herrira joateko agindu zidan, Eguberriak laster hasiko zirela esatera. Herrikoek ez zidaten sinetsi, eta nitaz barre egin zuten. ‘Nola joango da zure etxera, zu behartsu izanda eta gona itsusi horrekin?’, galdetzen zidaten. Baina, gau hartan, Olentzero berriro etorri zen nire etxera, eta herrian zehar opariak banatzen laguntzeko eskatu zidan. Alde batetik bestera ibili ginen, korrika, opari guztiak banatzen. Eta amaitu genuenean badakizue zer esan zidan? Zakuan opari bat gelditzen zela, eta niretzako zela!”. Gona gorri berri bat oparitu zion, eta Mari Domingik musu batekin eskertu zion.
Istorioak kontatu ostean, umeei galderak egiteko eta berarekin hitz egiteko aukera eman die, eta denek adi entzun dituzte Mari Domingiren azalpenak. Bisitari amaiera emateko, ilara batean jarri dira haur guztiak, eta Olentzeroren laguntzaileak ekarri dituen gaztainak banatu dizkie. Batzuk, trukean, musu bat eman diote Mari Domingiri; beste batzuk, berriz, oparien eskutitza emateko baliatu dute aukera. Gurasoek ere parte hartu dute, eta euren seme-alabei argazkiak ateratzeko parada ez dute galdu.