Gobernu Batzordeak hiriko hainbat ikastetxetan hobekuntzak egitea adostu du.
Altzako ikastetxeko kiroldegia. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Udalaguntzak programari esker, Eusko Jaurlaritzak ordaintzen du ikastetxe publikoetan egin beharreko lanen %60a. Kasu honetan, udalak
17 proiektu aurkeztu ditu, eta onarpena jasotzen duenean hasiko dituzte izapideak. Lanak, ohi bezala uda sasoian egingo dituzte, jarduera ez eteteko. Proiektu guztiak kontuan hartuta, 726.528,95 euroko aurrekontua aurkeztu du Udalak, baina Jaurlaritzaren ekarpenari esker, 290.611,58 euro dagozkio ordaintzea.
Proiektu guztien artean,
Altzako ikastetxean egin beharrekoa nabarmendu du Eneko Goia alkateak. “Urtetako eskaerari erantzunez”,
Txapineneko eraikinaren jolastokiaren zati bat estaliko dute. 249.818,58 euroko aurrekontua du proiektuak. Leosiñetako eraikinean, berriz, gas naturalaren instalazioa egingo dute, zaharkituta dagoen gasoleozko galdara ordezkatuz. Horretarako, 37.625 euro beharko dituzte.
Katalina Erauso ikastetxean kanpoaldeko egurrak aldatuko dituzte, eraikinaren energia eraginkortasuna hobetzeko, 106.743,94 euroko aurrekontuarekin. Salaberriako eraikinaren irisgarritasuna ere hobetuko dute; 79.148,73 euroko aurrekontua izango du.
Amara Berri ikastetxean
, Urbieta kaleko eraikinean, sabai faltsuak ordezkatuko dituzte, hezetasuna ekiditeko (87.923,73 euroko aurrekontua); eta Bizi Bideak instalatuko dituzte Ferreriaseko (8.712,00 euroko aurrekontua) eta Morlanseko (14.687,40 euroko aurrekontua) eraikinetan, laneko segurtasunari buruzko araudia betetzeko.
Jakintza ikastolan Erregezaineko eraikinaren sarrera berrituko dute, ikasleek errepidera gerturatzeko arriskua ekiditeko (18.228,42 euroko aurrekontua). Larrialdietarako argiteria ere jarriko dute (15.952,08 euroko aurrekontua); eta baita suteak atzemateko sistema ere (29.647,91 euroko aurrekontua). Hortaz gain, sukaldean eta galdaren gelan gasa atzemateko instalazioa jarriko dute (1.717,69 euroko aurrekontua). Heriz pasealekuko eraikinean gas naturalaren instalazioa egingo dute, zaharkituta dagoen gasoliozko galdara ordezkatuz (36.851,78 euroko aurrekontua).
Biteriko eraikinean, komunak berrituko dituzte (19.911,54 euroko aurrekontua).
Orixe ikastetxean, Urgulleko eraikinean, gailu elektronikoak babesteko instalazioa berrituko dute, ekaitzak eragindako gaintentsioez babesteko (2.867,54 euroko aurrekontua).
Aieteko ikastetxean, Bizi Bidea jarriko dute teilatuan, laneko segurtasunari buruzko araudia betetzeko (4.269,34 euroko aurrekontua). Azkenik
Aitor ikastolan, Ametzagainako eraikinean ere Bizi Bidea jarriko dute teilatuan (8.510,55 euroko aurrekontua).
Miramongo basoa
Ikastetxeetako konponketez gain, hiriko beste hainbat proiekturen berri ere eman du alkateak. Horien artean,
Miramongo basoa. Gobernu Batzordeak inguru hau hobetzeko lanen baldintzak eta lizitazioa onartu ditu. Hilabetez jasoko dituzte proiektu proposamenak, eta datorren urte hasieran esleituko dituzte lanak.
Miramon basoa egokitzeko proiektuak 1,243.000 euroko aurrekontua izango du eta zortzi hilabeteko epea izango dute lanak amaitzeko. Goiak adierazi duenez, “Miramon basoa egokitzea aberasgarria izango da hiri guztiarentzat, natur gune garrantzitsu bat irabaziko baitu”.
Peruenen (Herrera), lurrazaleko 50 aparkaleku eta kirol pistak egiteko lanen esleipena ere onartu dute. Urbycolan enpresak egingo ditu lanak, 282.000 euroko aurrekontuarekin, eta hiru hilabeteko epea izango dute amaitzeko.