Auzoko harakinek doan emandako txistorra jango dute Amara Berrin
Astelehenean ospatuko dute San Tomas eguna, Irun plazan, Arcco merkataritza zentroaren ondoan.
Laugarren San Tomas eguna ospatuko dute Amara Berrin, Irun plazan. Astelehenean, hilaren 21ean, postuak jarriko dituzte, eta zabalik izango dira 10:30etik 20:00etara. Txistorra eta sagardoa salduko dute bertan jarriko dituzten postuetan. Animali batzuk ere ekarriko dituzte Irun plazara, eta auzotarrek astoak, txerriak eta untxiak ikusteko aukera izango dute. Musikarekin girotuko dute auzoa. Eguerdian trikitixa doinuak zabalduko dituzte auzoko kaleetan zehar, eta akordeoi jotzaile batek ere emanaldi bat eskainiko du Irun plazan.
Gainera, aurten auzoko harategi batzuek doan eman dute auzoko postuetan salduko den txistorra. Amara Berri auzo elkarteari laguntzeko keinu gisa egin dute, elkarteak diru pixkat lortzeko. Hain zuzen, harakinek emandako txerri txiki bat zozkatuko dute. Txartelak salgai jarriko dituzte Irungo plazako postuetan.
Ikus San Tomas jaiaren auzoz auzoko egitaraua.