Ategorrietako galtzada zaharreko bidegorrian egindako bideo batek sarea astindu du
Txirrindulari batek Kalapie Elkarteari bidalitako bideoak ika mika piztu du Donostiako txirrindularien elkartearen Facebook orrialdean. Ategorrietako galtzada zaharreko bidegorrian zehar egindako ibilbidea ikusten da bideoan. Bizikleta gainean doala, ezin du bidegorritik joan, autoak daudelako aparkatuta bidegorria osoan zehar. Bideoak askotariko erreakzioak piztu ditu, bai txirrindularienak, baita bidegorrian autoa uzten dutenena ere. Hor inguruan ikastetxeak daude, eta seme-alabak eskolara eramatean han utzi ohi dute autoa. Denek arriskutsutzat jo dute gune hau. Elkartean bisita gehien eta iruzkin gehien izan duen bideoa izan da.
Kalapie Elkarteak argi utzi du zein den galtzada zaharrean dauden arazoak konpontzeko bidea: “Jose Elosegitik, Ategorrieta hiribidea eta Nafarroa hiribidean zehar autoen errail bat kendu, eta bidegorri bat sortu. Horrela, arazo hau betirako konponduko litzateke”. Nabarmendu du borrokak ez duela txirrindulari, oinezko, bizilagun, guraso eta ikasleen artekoa izan behar: “Denok batu beharko genituzke indarrak konponbidea lortzeko: Eta hori lortzeko, udala bultzatu behar dugu neurriren bat hartzera”.