Inaxi Etxabe zumaiarrak sarituko du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazlea Illunben.

Inaxi Etxabe bertsolari zumaiarra, Illunben irabazleak jantziko duen txapelarekin. (Argazkia: Bertsozale Elkartea)
Harriduraz, baina poz handiz hartu zuen
Inaxi Etxabek Gipuzkoako txapeldunari txapela janzteko proposamena. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalistak nortzuk diren ongi aski daki, gaur egun bertsolaritza gertutik segitzen baitu. Plaza ukatu zaien bertsolari emakumeen belaunaldi oso baten ordezkari gisa jantziko dio Inaxi Etxabek txapela larunbateko finala irabazten duen bertsolariari.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hedabideetatik segitu du orain arte, eta horregatik Illunben kantatuko duen zortzikoa ezagutzen du. Izan ere, gaur egun gehienbat telebista eta irratiaren bitartez segitzen ditu bertsolaritzaren gorabeherak. Horrez gain, lehen bezainbeste ez bada ere, ez dio bertsoak egiteari utzi Inaxi Etxabek.
Plazarik gabeko bertsolaria
1933an Oikian (Zumaia) jaioa, gaur egun Zarautzen bizi da Inaxi Etxabe. Etxe giroan sortu zitzaion bertsozaletasuna, eta gazte-gaztetatik hasi zen bertsoak egiten. 50eko hamarkadan sari batzuk irabazi zituen. Hala ere, garaiko bertsolari emakumeen moduan, bertso jarduera ezin izan zuen plazetara eraman, gizonezkoen eremua baitzen. Urte asko pasako ziren Etxabe plazan kantatzeko aukera izan arte. Ezaguna da Inaxi Etxabek
Basarrirekin izan zuen ika-mika. Basarrik “Aitonaren malkoek” izeneko bertsoak idatzi zituen, eta Etxaberi emakumeen inguruan esaten zituenak ez zitzaizkion batere gustatu. Hari erantzunez, bertso batzuk egin zizkion Basarriri.