Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari urrian ekin zion Beñat Gaztelumendik, final-laurdenetan; hirugarren aldiz parte hartu, eta hirugarren aldiz ere finalera iristea lortu du; Illunbeko oholtzatik kantatuko du bihar, 17:00etan, hiriko ordezkari gisa.
Beñat gaztelumendi; bertsolaria.

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Añorgan egin du hitzordua IRUTXULOKO HITZAk Beñat Gaztelumendirekin (Añorga, 1987), eta lasai antzean somatu du. Hogei urterekin jokatu zuen lehen finala, eta «ez zegokion leku batean» zegoela sentitu omen zuen; hortik lau urtera, «zerbait demostratu beharra» zuen buruan, eta ia ez du final hori gogoan. Orduko horietan, 2007an eta 2011n, txapeldunordea izan zen. Hiriko ordezkaritzat ikusten du aurten lehenengoz bere burua, eta duela lau urteko arantza kentzera doa, fresko egotera, eta ahal bada, txapela janztera.
Gipuzkoa Bertsotan izenburupean abiatu zen txapelketako sailkatze fasea, maiatzean. Hasieratik jarraitu duzu?
Unai, anaia, udaberrian hasi zen, eta duela lau urte baino gutxiago izan arren, jarraitu dut. Lasaiago hartu, eta beranduago sartu nahi nuen, baina nahigabe ere, sartu egiten zara. Gero, udaran, Unai eta ni gehiago geratzen hasi ginen entrenatzeko, eta udazkenetik aurrera, dena jarraitu dut.
Guztira 87 bertsolari igaro zarete txapelketatik. Bertsolari dezente, ezta?
Gipuzkoan bertsolari kopuru handia dago, eta hori da ona; baina, normalean, 40 urtetik gorakoek ez dute parte hartzen. Lortu beharko genukeena da bertsolari horiek txapelketatik kanpo zirkuitu bat izatea; bertso eskolen artean bildu, eta bertsolari bakoitzari egokitutako saioak egin.
Donostiarrei dagokienean, zutaz gain, zure anaia Unai, Manex Mujika, Asier Azpiroz eta Izarne Zelaia aritu dira txapelketan. Zer moduz ikusi dituzu?
Donostiarrek txapelketa ona egin dutela uste dut, pozik egoteko moduan gaude. Izarne, lehenengo aldiz atera da txapelketa batean; eta ez dut uste beste bertsolaririk dagoenik emakumezkoetan, 18 urterekin bertsolaritzatik urrundu, eta txapelketara hurbildu denik. Niretzako meritu berezia dauka. Udaberrian, oso indartsu aritu zen, eta udazkenean ere ongi ibili da. Unai, finalerdietan aurretik sartu gabe zegoen, eta Manexek eta Asierrek ere oso txapelketa ona egin dute. Bertsolariak Donostian bertan ari gara gure txokoa egiten, eta maila ere goraka doa.
Errenteria-Oreretan irabazlea izan zinen, eta Tolosan, bigarren. Zein sentipen izan duzu?
Txapelketa arraro xamarra izaten da beti. Errenterian, beldur nintzen, Jon Martin izan ezik, gainontzeko guztiak aurretik zetozelako, eta lehen saioa egin arte ez dakizu ongi prestatu zaren. Hala ere, hasieratik oso eroso egon nintzen, eta fresko. Duela lau urtekoekin konparatuta, gogoratzen dudan nire saio freskoena. Tolosan jada saio handia zen, finalerdietan, ariketak ere bereziak ziren… Irristadarik ez nuen izan, baina kolpeak jotzen ere ez nuen bereziki asmatu.
Gipuzkoako hiru txapelketetan parte hartu duzu, eta hiruetan finalera iritsi zara. Zein da zure sekretua?
Desberdina izan da bidea denetan. Niretzako balio handiena duen finala, duela lau urtekoa da. Duela zortzi urte, egia da finalera iritsi nintzela, baina beti arrastaka, beti ezustekoa emanez… Ni nintzen gazteena, horrek beti sortzen du enpatia puntu bat, gaiak pare-parean tokatu zitzaizkidan, eta bertsokideek asko mimatu ninduten. Ez nuen batere kargarik eraman; duela lau urte bai, eta bereziki sufritu nuen, eta ia ez dut gogoratzen. Duela zortzi urte, iruditzen zitzaidan tokatzen ez zitzaidan zerbait lortu nuela, ni baino bertsolari hobeak zeudela finalean, eta aurretik geratu nintzela; lau urte pasa nituen olatu hartan. Duela lau urte, tokatu zitzaidan erakustea zerbait ikasi nuela, eta karga horrek jan egin ninduen. Aurtengoa desberdina da niretzat; karga hori kendu dut, eta nire burua lasaiago ikusten dut. Badakit finalean zer dagoen, eta prestatua nago horretarako, eta ez dut uste demostratu beharra dudanik. Egun ona bada oso ondo, eta ez bada tokatzen, plazetan jada hor nago.
Txapelketa Nagusiko finalean izandako esperientzia ere baduzu gainean orain.
Bai. Lasaitasuna eman dit. Txapelketa bakoitza hutsetik hasten da, baina sentitzen dut leku bat irabazten ari naizela. Final hartatik Euskal Herriko beste leku batzuk ezagutzeko aukera izan dut, eta bertsolari gisa osoago egin nau. Publiko gehiago ezagutu ditut, eta gaiei heltzeko modu gehiago dauzkat orain, duela bi urte baino.
Kartzelako ariketa da zure kuttuna. Hori duzu buruan?
Badaukat gogoa finalean kartzelako on bat egiteko, ez baitut gogoan finaletan kartzelako bereziki onik egin izana. Illunben ez dut sekula lortu kartzelan lehertzerik. Hala ere, ariketa guztiek dute garrantzia, eta benetan finala ofiziotako ariketetan jokatzen dugu.
Egin ezazu analisi txiki bat finalista bakoitzari buruz.
Aginen arma indartsuena txispa da, eta zuzenean harira joatea; bigarren finala du, eta beretik gehiago emango du. Xamoak oso bertsokera pertsonala dauka, asko mimatzen du bertsoa, eta finalari beste ikuspegi bat emango dio. Alaiak gose handia erakusten du bertso bakoitza jateko, oso bertsolari osoa da, eta duela lau urte baino gehiago emango du. Oihana bereziki binakako ariketetan kolpe handikoa da; eta bakarka, oso pertsonala. Jon Maiari buruz ez dago asko esaterik… bi alderdi ditu, plazan txispa ateratzen duena, eta txapelketetan, estilo poetikoago bat duena; espero dut, bien nahasketa bat ikustea finalean. Unai zuzenean harira joaten da, eta hizkuntz gaitasun handiena duen bertsolaria dela uste dut. Apalategi oso teknikoa da, eta ariketa guztietara egokitzen daki; beti dago bere lekuan.
Zein izango da zure alderdi indartsuena?
Esperientzia esango nuke, jarraian Unai Agirre eta ni baikara hiru finaletan egon garen bakarrak, baina besteak ere esperientziadunak dira. Alderdi indartsuena taldea izango dela uste dut. Binaka egin beharko dugu bide gehiena, eta horretarako, talde ona dago. Zortzi faborito gaudela uste dut. Ez gara berriak, eta ez dut uste inor urrunduko denik.
Txapela Añorgara ekartzeko zer egin beharko duzu?
Nik nirea egin behar dut, eta ez dut sentitzen txapela Añorgara ekarri beharrik. Duela lau urteko arantza kendu nahi dut, eta freskoago egon. Txapela ez dago nire esku. Bertso bakoitzeko puntu bakoitzeko hitz bakoitza borrokatuko dut; hortik aurrera, ea zer gertatzen den.
Nola bizi duzu aste hau?
Gauzak egiteko beste poz bat dut aste honetan, baina ez naiz ari finalean pentsatzen denbora guztian. Finala Illunben egiteak beste ikusgarritasun bat eman dio hiriko bertso mugimenduari, eta garrantzitsua iruditzen zait donostiar bat egotea, hiriari testigantza hori emateko. Horri buruz pentsatu dut, funtzio bat emateaz, eta aurkitu dudala uste dut.
Zerekin lotzen duzu Illunbe?
Illunbe duela zortzi urte arte gauetako diskoteketako giro horrekin lotzen genuen, eta niretzako oso arrotza zen, sekula joango ez nintzatekeen leku bat. Finalarekin, euskaraz bizi garen askorentzat beste sinbolo bat bihurtu da Illunbe. Zenzenketekin edo diskotekekin berez ez den zerbait izango balitz bezala da, eta finala iritsi eta lehertu egiten da. Hiriaren kontraesan horietako baten sinboloa da.
Bertsotarako plaza ona da?
Illunbek duena da oholtzatik ez dela hutsunerik ikusten, BECen jenderik gabeko lekuren batera ihes egin dezakezu. Illunben berotasuna izugarria da, baina berotasun horrek jan zaitzake, ez dagoelako begiradarekin ihes egiterik, ez baduzu lurrera begiratzen. Niretzako plaza ona da; duela zortzi urte, jende askok Illunben ezagutu ninduen, eta nire plaza magikoa da. Zenbat eta jende gehiago egon, zailagoa da zure barruko ahots hori bilatzea; baina ez nau horrek kezkatzen.
Nola irudikatzen duzu finala?
Pentsatzen dut publikoaren atzekaldetik aterako garela, hasiera beroa izango dela; eta hortik aurrera, azkar joango da. Buruz burukoak beste magia bat dauka, eta zaila da nolakoa izango den asmatzea. Orokorrean, finala, duela lau urtekoa baino osoagoa izango dela uste dut.