1985eko abenduan, autobus bat aparkatu zuten udaletxe ondoan, ‘Hemen ez dago gidaria, non dago?‘ leloarekin, Zabalzaren desagertzea salatzeko. Toki berean egin zuten elkarretaratzea, asteartean.

Abenduaren 15ean,
duela 30 urte, Mikel Zabalza altzatarraren gorpua agertu zen Bidasoa ibaian. Atxilotu eta hogei egunera aurkitu zuen Guardia Zibilak berak, aurreko egunetan Gurutze Gorriko urpekariek eta suhiltzaileek arakatutako inguruan. Urtemugaren harira, azken asteetan egindako beste jardueren ildoan,
elkarretaratzea egin zuten asteartean, Bulebarrean,
Dbus-eko ELA, LAB eta Kurpil sindikatuetako gidariek deituta. Autobus konpainiako gidaria zen altzatarra.
Senide eta lagunek ez ezik, lankideek ere hainbat protesta egin zituzten Zabalza desagertuta egon zen egunetan, baita ondorengo asteetan ere. 30 urte geroago, antzeko aldarrikapenei eusten diete:
egia, justizia eta erreparazioa. Horixe bera eskatu zuten astearteko protestan.
Roberto Carpintero eta
Francisco Anton jubilatuak daude jada, baina ongi gogoan dute euren lankide izandakoa, atxilotu zuten garaiko zurrumurruak, desagertuta egon zen egunetako informazio nahasia, eta urte hauetako guztietako ahanztura. Biak Dbus-eko langileek deitutako elkarretaratzean izan ziren.
Carpinterok adierazi zuenez, “
lankide eta lagun bikaina zen Mikel; oso pertsona ona, ideiak argi zituena eta bere sustraietara oso errotua”. Anton, lankide izateaz gain, Zabalzaren bizilaguna ere bazen Altzan: “Elkarrekin erosi genuen etxea, elkarrekin egiten genuen lan. Kolpe latza izan zen”.
Bereziki saminez oroitzen dute Zabalza desagertuta egon zen egunetan bolo bolo zebilen informazio nahasgarria. “Mikelen koinatak ere gurekin egiten zuen lan, eta gertuko informazioa genuen, hura ibiltzen baitzen batetik bestera.
Gorpua agertu baino lehen guk bagenekien hilik zela, neskalagunak berak ikusi baitzuen hilotza estalita kuartelean”, esan zuen Carpinterok.
Lankideen ordezkari gisa Anton bera joan zen Amarako polizia etxera, argibide bila: “Eskutitza eman nienean errespetuz hartu ninduten, baina ez genuen sekula erantzunik jaso”, azaldu zuen.
Duela 30 urte ustez desagertu zen lekuan bertan ere izan zen Anton, Endarlatsan, eta sekula ez dute bertsio ofizialik sinetsi. “
Informazio nahasgarria eta gezur asko esan zituzten garai hartan“.
Urteak pasa dira, eta saminez oroitzen dute kasua: “Kaltea egina dago, inork ez du egindakoa aitortu, eta ez dugu aitortzerik espero”, onartu zuen Carpinterok.
Dena dela, gaia bistaratzea garrantzitsua dela uste dute, eta babes osoa eskainiko diete aurrerantzean ere bai familiari eta baita Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideei ere.
Ekarpenak jasotzen
Mikel Zabalzaren kasua abiapuntutzat hartuta, Galdutako Objektuak dokumentala egiten ari dira. Torturak Euskal Herrian izandako eragina aztertuko dute, hainbat testigantzen bitartez. Zabalzaren senideak, Iñigo Iruin abokatua eta Paco Etxeberria auzitegiko medikua dira, besteak beste, elkarrizketatutako batzuk.
Azaroan aurkeztu zuten proiektua Aieteko Bakearen Etxean, eta herritarren laguntza eskatu zuten.
Crowdfunding bidez ari dira ekarpenak jasotzen, eta bihar amaitzen da epea. 15.000 euro behar dituzte dokumentala egiteko, eta 13.000 euro baino gehiago bildu dituzte dagoeneko.