EAJko Eneko Goia hautagaiak hartu zuen hiriaren aginte makila ekainean.
Eneko Goia, hiriko aginte-makilarekin. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
EAJko ordezkari
Eneko Goiak ekainaren 13an hartu zuen aginte-makila
Juan Karlos Izagirreren eskutik, Udalbatza osatzeko saioan. EAJko bederatzi zinegotziek Eneko Goiaren hautagaitzaren alde bozkatu zuten; PPko hiru zinegotziek, Miren Albisturren alde; eta Irabazi Donostiako bi zinegotziek, Amaia Martinen alde. PSE-EEk eta EH Bilduk ez zuten hautagairik aurkeztu alkate izateko, eta zuri bozkatu zuten. Jeltzaleek bozketan gehiengorik lortu ez zutenez, udal hauteskundeetan hautagai bozkatuena izan zena izendatu zuten alkate: Eneko Goia,
Hurrengo lau urteetan izango dituen helburuak azaldu zituen, eta hiru azpimarratu zitue erronka nagusi gisa:
Donostia 2016, herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta bakea eta elkarbizitzari ekiteko konpromisoa. “2016. urtean asko dugu jokoan. Munduari zer eta nor garen erakusteko aukera izango dugu, baita Donostia hobetzeko parada ere. Donostiar guztiak beharrezkoak izango ditugu bide horretan. Proiektu honek elkartzen gaitu, anitza da, eta denontzat lekua dago”, esan zuen Goiak.
“Beste erronketako bat donostiar guztiei duintasunez bizitzeko aukera ematea da, bazterkeriarik gabe. Aberastasuna sortzeko gai izan behar dugu, arlo ekonomikoan eta, batez ere, maila sozialean”, gaineratu zuen. Garai berriak direla adierazi zuen, “bakeari eta elkarbizitzari ekiteko garaia, errespetuarekin eta elkarrizketan oinarritua. Elkar ulertu beharra dugu, gizarteak eskatzen duelako. Elkarbizitzan aritzen ikasi behar dugu, errespetutik abiatuta. Elkarrizketak izan behar du tresna, eta memoria antidoto eta txertoa, berriro gerta ez dadin”.
Alderdi guztiekin hitz egiteko konpromisoa hartzen zuela jakinarazi zuen, eta herritarrei eskaini zizkien diskurtsoaren azken hitzak: “Donostiarrak dira protagonistak, etorkizunaren jabe. Zuekin egin nahi dut ibilbidea, donostiarra izateko harrotasunez. Zuen zerbitzura naukazue”.