"Orain udal gobernuari dagokio erabakitzea, erreferentzia hartuta galdeketaren emaitza", adierazi du Duñike Arrizabalaga Herri Partaidetzako zinegotziak.
Karlos I.aren hiribideko lurrazpiko pasabidea, Katalina Erauso kalearen aldean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Herri Partaidetza Zerbitzuak
Karlos I.aren hiribidearen inguruan egin zuen galdeketaren emaitzak jaso berri ditu.
Oinezkoentzako lurpeko pasabidea estaltzearen alde bozkatu dute %65ek; eta
bizikletentzako aparkaleku bat jartzearen aldeko botoa eman dute %35ek. Galdeketaren helburua zen, udal gobernuaren esanetan oinezkoentzako lurrazpiko pasabidearekin zer egin erabakitzea, “auzotarrek egun ja erabiltzen ez baitute Udalak inguru hori birmoldatu eta lurrazalean semaforodun igarobideak ezarri dituenetik”.
Azaroaren amaieran Donostiako Udaleko Herri Partaidetza Zerbitzuak 15.000 liburuxka bidali zizkien Madril hiribideak eta Errondo pasealekuak mugatzen duten aldeko auzotarrei, aukeretako baten alde egin zezaten. Orain emaitzak jaso berri dituzte: guztira
2.883 boto jaso dituzte.
Herri Partaidetzako zinegotzi ordezkari Duñike Agirrezabalagak nabarmendu du amaratarrek erantzun egin diotela Udalak eginiko galderari: “Gauza zen esatea ea egungo lurpeko pasabideak iraun behar ote duen, bizikleta aparkaleku arautu moduan, ala kendu behar duen Udalak, Eustasio Amilibia eta Karlos I.aren kaleetako auzotarrentzako guneak sortzeko”.
Galdeketa ez dela loteslea argitu du Arrizabalagak: “Orain, udal Gobernuari dagokio erabakitzea, erreferentzia hartuta galdeketaren emaitza. Galdeketa hori ez da izango legealdi honetako azkena”.
Bizilagunek etxean udalak bidalitako galdetegia jaso zutenean
IRUTXULOKO HITZAk kale inkesta egin zuen Amara Berrin. Bi aldeetako iritziak jaso zituen, eta gehienek espero zuten udalak euren erabakia kontuan hartzea.
Kalapie Txirrindularien Elkarteak atzerapausotzat jo zuen oinezkoen pasabidea estaltzeko plana, eta bizikletak aparkatzeko gune bat egitearen alde agertu zen.