Lurraldebusen zerbitzuak ere autobus geltoki berrira egokitu dituzte
Atotxatik abiatuko den lehen zerbitzua Bilboko aireportura doan autobusarena izango da.
Lurraldebus urtarrilaren 16an, larunbatez, hasiko da geltoki berritik zerbitzua ematen. Bilboko aireportura joango da Atotxako geltoki berritik abiatuko den lehen zerbitzua, larunbat goizeko 05:00etan.
Lurraldebuseko 230 bus dira neguko astegunetan zehar Atotxako geltokia erabiliko dutenak. Larunbatetan, 180; eta igande eta jai egunetan, 160. Egunero 4.000 pertsonari zerbitzua ematea espero dute.
Pesa-k honak zerbitzuak emango ditu geltoki berrian: DG07 Eskoriatza-Donostia, DO01 Donostia-Bilbo, DO02 Donostia-Gasteiz, DO03 Donostia-Bilbo eta DO50B Donostia-Loiu. Euskotrenbideak-ek DB02 Ermua-Eibar-Zarautz-Donostia eta DB03 Lekeitio-Donostia zerbitzua emango du. Eta Ekialdebus-ek E21 Donostia-Aireportua-Hondarribia zerbitzua emango du. Linea honek geltokiko kanpoko nasa erabiliko du.
Geltoki berria abian jartzeak Lurraldebuseko linea hauetan aldaketak eragingo ditu. Autobus geltoki berrira zuzentzen diren linea guztiek geraldi bat egingo dute Pio XII. plazan. Geraldi hau jaitsierakoa bakarrik izango da eta guztiz teknikoa, alegia, ez dira maleteroak zabalduko eta ahalik eta denborarik laburrenekoa izango da.
DG07, DO01, DO02, DO03, DO50B, DB02 lineak (unibertsitateetatik igarotzen direnak izan ezik) eta DB03ak (unibertsitatea igarotzen dutenak salbu) Bizkaia pasealekuan geldituko dira, Jose Antonio Agirre Lehendakaria zubiaren inguruan.
Unibertsitate guneko DB02 eta DB03 lineetako zerbitzuak, Amarara Morlansetik iritsi ondoren, Manuel Collado kalean geldituko dira Atotxako geltokira iritsi aurretik.
DO01 Donostia-Zarautz-Bilbo linean zerbitzu gehiago jarriko dituzte igande eta jai egun arratsaldetan. Horrela, 17:00etaik 21:00era bitartean ordu erdiro egongo dira autobusak.
Aireporturako eta Hondarribirako autobusak Atotxako geltokiko kanpoko nasan geraldia egingo du, Federico Garcia Lorca kalean. Aldaketa hau dela eta, Pio XII.ko geltokiarekin lotua zegoen Antso Jakintsua kaleko 26ko geraldia kendu egingo dute. Donostiako norabidekoetan, geraldi berri bat egingo da Bizkaia Pasealekuan Hizkuntza Eskola Ofizialaren parean, egun Mundaiz zubian egiten duenaren ordez.
Gainera geltoki berrira ez doazen Lurraldebuseko beste linea batzuek ere aldaketak izango dituzte Donostian zehar egiten duten ibilbidean:
UK01 Azkoitia-Azpeitia-Zestoa-Donostia, UK09 Zumaia-Getaria-Zarautz-Orio-Usurbil-Donostia (N-634tik) eta UK10 Zumaia-Getaria-Zarautz-Donostia (AP-8tik) ez dute geraldirik egingo Pio XII.ean, eta San Martin kaleko geralekutik Askatasunaren Hiribideko geralekura joango dira zuzenean.
UK11 Zumaia-Getaria-Zarautz-Orio-Ospitalea lineak geraldi berri bat egingo du Antso Jakituna hiribidean Donostiarako norabidean, Easo kaletik jarraituz San Martin kalean izango du geraldia Askatasunaren hiribidean bukatzeko.