Larunbatean abian jartzeko prest dago Atotxako autobus geltoki berria
21 nasa ditu geltokiak, horietatik 9 guztiz irisgarriak; Egunean 500 bat autobus jasoko ditu.
Lurraldebus, Alsa, La Baztanesa, Bilmanbus, La Burundesa, La Estellesa, Le Basque Bondissant, Socibus, Monbus eta Atlassib konpainiek kudeatutako 500 autobus inguru. Egunero, 8.000 eta 10.000 erabiltzaile inguru izango ditu geltokiak.
Momentuz Euskotreneko autobusak ez dira Atotxako geltokira sartuko. Zerbitzu hori egokitzeko Aldundiarekin lanean ari direla esan du Aranak. Hortaz gain, Dbus-ek ere bere lineak egokitu ditu. Nabarmentzekoak, esaterako, 17 linea, ospitaleetara doana, luzatu egin dute, eta 10 minuturo pasako da autobus bat tren geltokiaren paretik. Bestalde, 45 linea sortu dute, Unibertsitateetara doana.
Donostiako alkate Eneko Goiak eta Markel Olano, Diputatu Nagusiak bihar, ostirala, 13:00etan inauguratuko dute Donostiako autobus geltoki berria. Eta ordutik aurrera, herritarrek lekua eta bertako zerbitzuak ezagutzeko aukera izango dute, bisita gidatuak antolatu baitituzte ekitaldi nagusia amaitzen denetik, arratsaldeko 16:00ak arte.
Lehen autobusa, ordea, larunbatean goizean goiz aterako da geltoki berritik, orduantxe jarriko baitute abian. Lehen ibilgailua 5:00etan abiatuko da Loiuko aireportura. Behin martxa hartuta, Pio XII.eko autobus geltokia itxi egingo dute. Dena dela, Pilar Arana Mugikortasun zinegotziaren esanetan, aste pare batez edo hainbat konpainiek geltoki zaharra erabiltzeko aukera izango dute oraindik, “aldaketaz enteratu ez diren erabiltzaileen mesedetan”.
Salbuespenak salbu, ordea, larunbatetik aurrera autobus geltoki berria abian izango da. Maria Kristina zubitik sartuko dira autobusak, eta Federico Garcia Lorca kaletik irten. Javier Etxarri, geltokiko lanen eta zerbitzuaren arduradunaren arabera, “sarrera eta irteera errazak” ditu geltoki berriak, baina halaber, “pazientzia” eskatu die erabiltzaileei lehen egunetan.
21 nasa ditu geltokiak, eta horietatik bederatzi dira guztiz irisgarriak. Nasa berezi hauek 3 metroko zabalera dute, gurpildun aulkiak errazago sartu eta irteteko ibilgailuetatik. Dena dela, Aranak nabarmendu duenez, “erabiltzaileen %100k ziurtatua dauka irisgarritasuna”; horretarako nasa guztiak irisgarriak izatea ez dela beharrezkoa azpimarratu du.
Geltokiak 18.356 metro koadroko azalera dauka. Sarrerako solairuartea eta hiru solairu ditu. Beheko bi solairuetan dagoeneko erabilgarri dagoen parkina dago, eta hirugarrenean autobus geltokia, kafetegia eta txarteldegia, esaterako. Geltokia estalia da, baina erdian estruktura ikusgarri bat du, pilare lana egiten duena. Gune hau irekia da, eta Etxarrik argitu duenez, “argia eta haizea sartzen dira, eta ibilgailuen kea ere bertatik ateratzen da”.
Inguruko urbanizazio lanak amaitzen direnean, oinezkoentzako hiru sarrera izango ditu geltokiak, baina momentuz, larunbatetik aurrera, bi erabili ahako dira: Frantzia pasealekutik, igogailuz nahiz eskaileraz, eta Egiako pasabideko solairuartetik.
Pilar Aranak geltoki berriaren bai ezaugarri nabarmendu ditu: kokapena eta AHTarekin etorkizunean izango duen lotura. Trafikoa nabarmen handituko bada ere, ez dela arazorik sortuko ziurtatu du Aranak. Pio XIIko autobus berak jasoko ditu geltoki berriak ere. Hau da,