Emakumeen Etxeak lehen aldiz joko du San Sebastian egunean, danborrada feminista bat sortu ostean.
Emakumeen Etxeko Lorena Redondo Lerones, Itsaso Rojo eta Ana Txurruka. (Argazkia: Lide Ferreira)
Emakumeen Etxeak 2010. urtean ateak zabaldu zituenetik, berdintasunaren alde lanean diharduten taldeen eta norbanakoen topagunea da. Urtean 33.500 erabiltzailetik gora pasatzen dira Okendo kaleko egoitzatik, eta jarduera ugari antolatzen dituzte. Azken hilabetetan lehenengo danborrada feminista sortzeko egin dute lan, eta urtarrilaren 20an Erdialdeko kaleetatik barrena ibiliko dira.
«Azken bost urteotan danborradaren ideia askotan atera da, eta, gainera, Emakumeen Etxea Donostian oso errotua dagoenez, bazegoen nahi eta behar bat danborradan parte hartze parekide bat sustatzeko», azaldu du Ana Txurrukak, Emakumeen Etxeko sustatzaileetako batek.
Era berean, Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak ikerketa beka bat bultzatu zuen danborradaren inguruan, eta ikerketaren emaitzak argitaratu zituzten, Emeki-emeki berdintasunezko Danborradarantz liburuan. «Horrek ere abiapuntu eta aitzakia bezala balio izan zigun hau dena mugitzen hasteko», adierazi du Txurrukak. Hala, euren erabakitze gunera eraman zuten proposamena eta proiektuarekin aurrera egitea erabaki zuten».
Danborrada sustatzen ibili direnak dagoeneko lotura zuten Emakumeen Etxearekin, baina hainbat partaideentzako elkartera hurbiltzen ziren lehenengo aldia izan da. Orotara, 70 emakumek joko dute San Sebastian egunean. «Esate baterako, Gorren Elkarteko emakumeek ez dute inoiz aukerarik izan danborradan parte hartzeko, eta aurten gurekin joko dute; Manos K Rien kultur elkarteko kideak ere baditugu; eta baita neska estatubatuar bat ere!», esan du pozik Lorena Redondo Leronesek, danborradako beste sustatzaileetako batek.
Txurrukaren arabera, euren xedeetako bat ahalik eta danborrada zabalena izatea da: «Danborradan parte hartu dezakeen pertsona baten ideia dago, eta hortik kanpo gelditzen diren horiei guztiei, beste profil batekoei, ireki nahi izan nahi dizkiegu ateak».
Diru laguntzarik ez
Donostiako Udalak diruz laguntzen ditu gizon-emakumeez osatutako konpainiak; hortaz, Emakumeen Etxeak ez du diru laguntzarik jaso. «Donostia Kultura-Festak-etik saiatu dira danborradan parekidetasuna sustatzen, eta hori baloratzekoa da. Gu emakumeak soilik garelako ez dugu jasoko diru laguntzarik, baina nik ez nuke horrela planteatuko. Emakumeak bakarrik izatea ez da diskriminatzen ari garela, neurri bat hartzen ari gara gure espazio propio bat sortu nahi dugulako parekidetasun hori lortzeko. Danborrada mistoak badaude, baina horrek ez du esan nahi parekideak direnik. Gure aukera izan da emakumezkoena soilik egitea, gu geu protagonistak eta burujabeak izan nahi dugulako. Logika hori kontuan hartuta, nik uste dut hori oso ondo diruz lagundu daitekeela, baina ulertzen dugu udalak egin duen apustua beste bat izan dela», azaldu du Txurrukak.
Materialari dagokionez, lehenengo urtea izanda, danborrak, upelak eta makilak Bertsolari eta Lesiñeta elkarteak sustatutako Larratxoko herri danborradak utziko dizkie. Entseatzeko ere toki bat behar zuten eta, Kresalari esker, larunbatero ibili dira bertan egun handia prestatzen. Sukaldariz jantziko dira partaide guztiak, eta ez dute bereizketarik egingo: «Danbor nagusiaren eta upelen zuzendariaren makilak, adibidez, desberdinak izaten dira, baina guk ez dugu hori egin nahi izan. Beraz, makil bera izango da», nabarmendu du Redondo Leronesek.
Jantzian Emakumeen Etxearen logoa eramango dute, eta zapia morea izango da. Danbor eta upel jotzaileekin batera, emakumez osatutako txaranga joango da. Izan ere, Euskal Herrian ez dagoela halako txarangarik ziurtatu du Txurrukak, eta beraiek hamasei emakume musikari elkartu dituzte, espreski, euren danborradako musika taldea sortzeko.
Erdialdetik
Horrenbestez, Donostiako lehenengo danborrada feministak Erdialdetik egingo du ibilbidea urtarrilaren 20an. Emakumeen Etxearen egoitzan hamaiketako-bazkari bat denen artean prestatu ondoren, bertan hasiko dira jotzen 14:15ean, eta Erdialdeko ibilbidea egingo dute, 18:00ak arte: Okendo kalea, Santa Katalina plaza, Bulebarreko kioskoa, Alderdi Eder, Hernani eta Miramar kaleak, Askatasunaren hiribidea, Loiola eta San Martin kaleak, Artzain Ona, Urdanetako oholtza, Bilbao plaza, Getaria, Arrasate eta Etxaide kaleak, Gipuzkoa plaza, tartean. Gipuzkoa Plazan Anastasio Femenina danborradarekin bilduko dira: «Konpainia segregazioa bultzatzen duen elkarte batean sortu zen, eta gu beste prozesu batetik gatoz. Kontraste hori ikustea ere interesgarria da; beharbada, historiaren islada bat da».
Horregatik, donostiar guztiei dei egiten diete beraiekin ibilbidea egiteko, «oso kaleko danborrada izango da, eta emakumeak ikusarazteko balio izango du», amaitu du Txurrukak.