'2016an ere Dono$tia eta €ultura abordatu'
Iritsi da 2016a! Donostian Europako Kultur Hiriburu gara. Ohorea ote gurea?
DSS2016.EU egitasmoari bertuteak ikusten dizkiogu, baina urtebete iraungo duen festa erraldoi honek kezka batzuk ere sortzen dizkigu Donostiako Piratoi.
Batetik, ez dira gutxi egitarau ofizialaren baitan ekimen eta ekitaldi erakargarriak, beren esparruetan ekarpenak egingo dituztenak ziur. Ekimen asko Donostiako Piratok sustatzen ditugun balioekin bat datozela ikusten dugu. Badakigu non eta zein garaitan bizi garen, eta zorte ona opa diegu kultur eragile guztiei!
Bestalde, kultura gizarteko beste gatazka-gune bat dela argi izan behar dugu. Hiriburutzak jakin du alternatibo izan daitezkeen zenbait proiektu barnean biltzen, baina kultura eredu ezberdinen arteko elkarbizitza arauak boterea duenak jartzen ditu. Hori agerian geratu da Kortxoenea Gaztetxearen eraisketarekin.
Gure ustez nabarmena da DSS2016.EU egitasmoa ez dela Donostiako kultur eragileon ekimenez sortutako proiektua; goitik behera datorren eskema bati erantzuten dio, eta guzti honen atzean, kulturak zenbaterainoko garrantzia duen zalantzagarria zaigu. Nabarmen turismoa bultzatzeko erabiltzeaz gain, hiria berezi egiten duen kultura, edo kultura jakin bat, atzerriko kapitala ekartzeko elementu bilakatu dute. Kultura, gainera, hirietan eraldaketa urbanistiko handiak egiteko aitzakia gisa erabiltzen dela ikusten dugu. Izan ere, nor dago kulturaren aurka? Nor slogan gisa hautatu duten elkarbizitzaren kontra? Gu ez behintzat, kontua baina, ez da hain xinplea…
Gutxi batzuen diru goseari batuko zaie kultura (eta Europa) ulertzeko ikuspegi bat nabarmenduko dela 2016an. Kezkatzen gaitu espazio publikoaren pribatizazioak, hor interes publikoa baino, irabazia bihurtzen baita faktore erabakigarri. Hiria garestitzen ari da, eta geroz eta zailagoa da bertan bizitzea.Gazteak periferiara joaten ari dira bizitzera eta gentrifikazioa deitzen zaio honi.
Gauzak horrela, jaien esparrutik, Donostiako herri kultura ikustarazten eta bultzatzen jarraituko dugu. Auzolana, autogestioa eta ahalduntzea (pertsonal eta kolektiboa) bilatuz, herri kulturan sakondu nahi dugu. Donostiako beste eragileekin harremanak sendotzeko une polita dela uste dugu eta. 2016an hiri mailan kulturari buruz gogoeta egiteko balio badigu, bikain.
Horregatik donostiar eta kolektibo guztiak gonbidatzen ditugu urtarrilaren 23an elkarrekin herri kulturen alde egingo dugun brindisera. Arratsaldeko 18:00etan izango da, Bulebarrean bertan. Eman diezaiogun guk ere ongietorria lanean eta gozatzen jarraitzeko erabiliko dugun urte honi!
Izan ere, gure ekintzek zentzua hartzen duten testuingurua da kultura. Eta gure hautua: kultura herrikoia.
Markel Zabala, Maider Iturbe eta Lander Arbelaitz, Donostiako Piraten izenean