Larunbateko inaugurazio ekitaldiari begira daude Donostia 2016ko arduradunak
Mikel Laboaren 'Baga, biga, higa' abestia izango da ikuskizunaren gailurra.
Donostiar guztiei zuzendutako ikuskizun bat izango da Hiriburutzaren asteburuko ekitaldirik garrantzitsuena. Donostia 2016 Fundazioko arduradunak larunbateko ikuskizun horri begira lanean ari dira, azken bi hilabeteetan, eta donostialdeko 52 elkarteren laguntza izaten ari dira. Hansel Cerezak diseinatu du ikuskizuna, baina ezer gutxi aurreratu nahi izan du gaurko agerraldian: “Badakizue zer islatu nahi dugun, baina ez dakizue zer eta nola egingo dugun”. Maria Kristina zubia izango da argi eta soinu ikuskizunaren eszenatokia, 20:00etan, eta aurreratu dutenez, Mikel Laboaren Baga, Biga, Higa abestia izango da emanaldiaren gailurra. “Has zaitezkete abestiaren hitzak freskatzen, eta dutxan edo autobusean abesten”, aipatu du Xabi Paia 2016ko Kultur arduradunak. Azken batean, Elkarbizitzarako Zubia eraiki nahi dutela argi utzi dute arduradunek, eta herritarren partaidetza beharrezkoa izango dela, hasiera hasieratik. Hala, zubien inguruan, 50.000 lagun baino gehiagorentzako espazioa egongo da bertan, eta guztientzako orri bana banatuko dute, Mikel Laboaren Baga, Biga, Higa abestiaren hitzekin. Gainera, Frantzia pasealekuan, Gernikako pasealekuan eta Federico Garcia Lorca pasealekuan lau pantaila erraldoi jarriko dituzte. Telebistaz ere egongo da ikuskizunaz gozatzeko aukera, ETB2 eta LA2 telebista kateetan. Ikuskizun nagusiaz gain, programazio zabala osatu dute ostegunetik iganderako, eta 70 jarduera baino gehiago antolatu dituzte. Hiriburutzaren webgunean kontsulta daiteke