Gaur taldearen 50.urteurrena, Barandiaran galeria eta egungo arte garaikidea ditu ardatz erakusketak; Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren inaugurazio ekitaldien programazioaren parte da.
Erakusketaren aurkezpena egin dute gaur goizean. (Argazkia: Lide Ferreira)
San Telmo Museoak aurtengo erakusketa handienetako bat aurkeztu du gaur goizean:
1966 | Gaur Konstelazioak | 2016. Donostia 2016rekin elkarlanean egin dute, eta Fernando Golvano komisarioa izan da proiektuaren buru. Erakusketak 50 urtez banatutako bi testuinguru artistiko erakusten ditu: Gaur mugimendua eta Kairos garaikidea. Honekin batera, Dionisio Barandiaran mezenasaren galeria -bertan aurkeztu zuten Gaur Taldea eta han egin zuten bere lehen erakusketa- eta bere figura ere gogoratu nahi dituzte. Erakusketaren irekiera Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren inagurazio ekitaldien programazioaren barruan kokatzen da, eta bihartik aurrera egongo da ikusgai, maiatzaren 15era arte.
1966an, Gaur Taldea osatu zuten zortzi artista euskaldunek: Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta. Hauek izan ziren “euskal artearen konstelazio garrantzitsu eta berritzaileena” sortu zutenak. Hirurogeiko hamarkadaren erdialdean, diktadura frankista zela eta, ez zen erraza kultura sorkuntzari bide ematea. Horregatik, artista horiek guztiak elkartu egin ziren, Gaur Taldea sortzeko, eta, 1966an, beren burua jendaurrean aurkeztu zuten, erakusketa eta manifestu baten bidez, Donostiako Barandiaran galerian.
Ordutik, berrogeita hamar urte igaro dira, eta Kairosen Gaur Taldean parte hartu zuten artisten ondorengo belaunaldietako eta errealitate nazional desberdinetako zortzi artistak hartzen dute parte: Txomin Badiola, Bojan Fajfric, Goldschmied & Chiari, Iratxe Jaio + Klaas van Gorkum, Eugenio Ortiz, PSJM, Avelino Sala eta Azucena Vieites. Horien obrek elkarrizketak ezartzen dituzte elkarren artean eta, aldi berean, Gaur Taldeko artistek hirurogeiko hamarkadako testuinguruan eginiko obrekin.
Erakusketaren harira, omenaldi bat egin nahi diote Dionisio Barandiarani (Ataun, 1927 – Donostia, 1979), bera izan baitzen, hain zuzen ere, arte konposatuko hainbat erakusketa barne hartu zituen Barandiaran galeriaren mezenasa (1965-1967). Galeria honek gutxi iraun bazuen ere, protagonismo handia izan zuen Euskal Herriko artearen eta kulturaren berrikuntzan: Gaur Taldearen egoitza izan zen, baita horrekin lotutako beste zenbait talderena ere; esaterako, Ez Dok Amairu (musika herrikoia), Argia (dantza) eta Jarrai (antzerkia).