Donostia da zabortegira hondakin gehien bidaltzen duen herria Gipuzkoan
EH Bilduk eta Irabazi Donostiak errausketaren aurkako mozio bat aurkeztu dute.
Europaren helburua hondakin gutxiago sortzea eta gaikako bilketa tasa nahiz birziklatze tasa handitzea delarik, errauste planta hondakinen kudeaketan akats estrategiko bat da; eraginkortasun gutxikoa da, eta kostu handikoa; ingurumenari eta osasunari kalte larriak eragiten dizkio; eta gainera, ez du hondakinen arazoa konpontzen.
Lau arrazoi nagusi hauek defendatu dituzte Axier Jaka EH Bilduko zinegotziak, Lloïc Alejandro Irabazi Donostiako zinegotziak, Maria Luisa Sanchez Errauskailuaren Aurkako Koordinadorako kideak, eta Donostiako Hondakinen Bilguneko Juan Miguel Galatasek prentsaurrean.
Euren esanetan, Foru Aldundiak berriro abian jarri nahi duen eredua ez dator bat Europako araudiarekin. Europako Parlamentuak 2015eko ekainaren 9an onartutako ebazpen baten arabera, hondakin organikoak gaika bildu behar dira, beranduenez, 2020rako. Eta birziklatu ezin diren hondakin biodegradaezinak besterik ezingo lirateke erre.
Alejandrok azaldu duenez, ebazpen horren arabera, 2020. urtean 38.000 tona besterik ez da erretzerik izango. Hala ere, Zubietan 200.000 tona erretzeko moduko planta bat egiteko asmoa dutela salatu du.
Errauste plantetan sotzen den errautsa eta isurtzen dituzten gasak ere oso kutsakorrak direla jakinarazi dute, eta ingurumenean nahiz herritarren osasunean ondorio larriak sor daitezkeela ohartarazi dute.
Horregatik guztiagatik, Bilduk eta Irabazi Donostiak mozio bat aurkeztu dute errausketa sistema gaitzetsiz, eta Udalbatzaren babesa eskatuko dute ostegunean egingo duten udalbatzarrean.
Mozioaren bitartez, Zubietan edo beste edozein udalerritan errauste planta bat egitea arbuiatu dute, eta proiektua bertan behera uzteko eskatu diete Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hondakin gutxiago sortzeko neurriak eskatu dituzte, eta baita egoki birziklatzeko eta Zero Zabor eredua lantzeko baliabideak ere.
Zentzu horretan, Alejandrok Gipuzkoarako nahi duten eredu iraunkorraren gakoak azaldu ditu. Hondinak egoki kudeatzeko konpostatze plantak beharko lirateke, eta inerteen zabortegi bat edo gehiago. Hala, sortzen den hondakin kopuruaren datuak hobetuko liratekeela uste dute.
Izan ere, Galatasek jakinarazi duenez, Donostia da zabortegira hondakin gehien bidaltzen duen herria Gipuzkoan. 2014ko datuen arabera, 287 kilo zabor bidaltzen zen pertsonako eta urteko (Gipuzkoako bataz bestekoa 232 kilokoa da). 2015ean, berriz, 274 kilo pertsonako.