Groseko kaldereroak prest daude larunbatean ateratzeko
Zartagin eta mailuen burrunba hasi da jada Donostian. Kaldereroak ate joka datoz, inauteria iragartzera. Groseko kaldereroak Zurriola ikastolan entseatzen ari dira, larunbaterako, hilaren 30erako, prest egoteko. Ohi bezala Saguesetik irtengo dira, 18:00etan. Handik abiatu eta Groseko kaleetan barrena ibiliko dira festa giroa zabaltzen. Ehundik gora kaldererok parte ohi dute Groseko konpartsan. 1985. urtean sortu zuten kaldereroen taldea.
Txofre plazan jarriko dute kanpamendua, 19:30ean. Ondoren, berriz ere kalez kale jarraituko dute Nafarroa Behera plazatik, Karkizanotik, Aita Larrokatik eta Sekundino Esnaolatik, Artetxe jeneralaren kalera iritsi arte.
25 urte bete ditu Alfredo Odriozolak erreginaren karguan, eta Groseko konpartsarekin atera da 26 urtez jarraian. Aurten erregina izateari utziko dio, eta bere seme Urko Odriozolarei emango dio lekukoa.
Kalderero konpartsa gehienak asteburuan aterako dira kalera, larunbat eta igandean. Antiguan otsailaren 5ean aterako dira. Donostia Festak-ek asteazkenean emango du egitarau osoaren berri.
Kaldereroen egitarauak ikusi auzoz auzo.