Idatzi bat erregistratu dute udaletxean, eta alderdi politiko guztiei helarazi diete euren kexa.

Kaleratzeak Stop eta beste hainbat gizarte taldetako kideak, udaletxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Kaleratzeak Stop,
Pobrezia Zero,
Duintasuna GP, eta
Afectados por Lanbide taldeetako ordezkariak udaletxean izan dira.
Joseba Salegi, Kaleratzeak Stop taldeko kideak azaldu duenez, guztiek bat egin dute Kirol txartel sozialaren aferaren inguruan.
Izan ere, urte hasieratik, txartel sozialaren erabilera mugatu zuten, kiroldegietako erabiltzaile kopurua arrazoituz. Hala, diru sarrerak bermatzeko errenta edo larrialdi sozialetako laguntzak jasotzen dituzten erabiltzaileek ezin dute 17:00etatik aurrera udal kiroldegietara sartu.
Erabiltzaile batek sare sozialetan egindako
salaketak hautsak harrotu zituen, eta udal gobernuak berak ere atzera egin du bere erabakian, ordutegi muga kenduz adingabeko erabiltzaileen kasuan. Eneko Goia alkatea “egokitzapen gehiago egiteko prest” agertu zen atzo prentsaurrean.
Kaleratzeak Stop eta beste taldeen ustez, erabiltzaile batzuri
ordutegi muga jartzea “erabat baztertzailea”, kasu honetan, egoera ekonomiko zailean dauden herritarrak gutxiesten dituelako.
Horregatik, guztien artean idatzi bat adostu eta udaletxean erregistratu dute ordutegi muga hori arbuiatuz. Ondoren, alderdi politiko guztiengana jo dute euren kexa helarazi, eta konpromisoa eskatzeko.
Eskaera zehatza, ordea, EAJri egingo diote. Ordutegi muga jartzearena
Martin Ibabe zinegotzi eta Donostia Kirolako lehendakariordeak hartutako erabakia dela uste du Salegik, eta
atzera egiteko eskatu diote. Kirol Patronatuak bilera egingo du gaur arratsaldean, eta Ibabek bertan gaia aztertzeko konpromisoa hartu du.
Udal sindikatuen komitera joko dute ondoren, eta euren atxikimendua jasotzea espero dute. Badakite euren eskaria ez dela loteslea izango, baina
agintarien erabakietan eragina izatea espero dute.
Arartekora jotzeko prest dago EH Bildu

Ricardo Burutaran, EH Bilduko zinegotzia
EH Bildu taldeak ere kirol txartel sozialaren ordutegi muga guztiak kentzeko eskaera erregistratu zuen atzo. Hala jakinarazi du Ricardo Burutaran zinegotziak. Bere ustez, neurria erabat “klasista eta baztertzailea” da: “
Herritarrak diru sarreren arabera bereizten ditu eta eskubideak murrizten dizkie gutxien duten pertsonei”, esan du.
Horregatik dei zuzena egin dio Bilduk Eneko Goia alkateari, Donostia Kirolako lehendakari gisa:
ordutegi muga guztiak kendu ezean, Arartekora joko dute.
Bestalde, udal gobernuak emandako azalpenak, hau da, kiroldegiak arratsaldeetan lepo daudela argudiatzea “lotsagarria” da Bilduren ustez. Eta adin txikikoen ordutegi muga kentzea ez dela nahikoa uste dute: “haurrentzako txarra bada, helduentzako ere txarra da”, esan du Burutaranek. Euren seme-alabekin kiroldegira joan nahi duten gurasoak jarri ditu adibide gisa; edo lan baldintzengatik arratsaldez bakarrik joan ahal duten herritarrak.
Udal gobernuak kirol txartel sozialari mugak jartzeko erabakia zuzentzeak ez duela inolako ondorio ekonomikorik sortzen esan du Burutaranek; “
Borondate politiko kontua da” nabarmendu du.