Proiektuaren azterketa lanak egiten hasi dira Antiguan eta Erdialdean; hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute zundatzeak salatzeko, Satorraiala taldeak deituta
(Argazkia: Lide Ferreira)
Duela aste batzuk, Satorralaiak, Metroaren aurkako bizilagunen mugimenduak, eskaera bat aurkeztu zuen udaletxean. Hain zuzen ere, Donostiako alkate Eneko Goia eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa sailburu Ana Oregirekin bilera bat egin nahi zuen, eta Metroaren inguruan prozesu parte hartzaile bat abian jartzeko eskatu. Bada, Satorralaiak Irutxuloko Hitzari jakinarazi dioenez, Eneko Goiak erantzun die eta otsailaren 9rako finkatu dute elkartzeko hitzordua.
«Orain arte egin ditugun gauzen berri eman nahi diogu, eta jendearengandik jaso ditugun iritziak plazaratu. Eusko Jaurlaritza da arduraduna, baina udalak badu eskuduntza politikoa. Hirian egingo den proiektu bat da, eta, kalte ekonomikoaz gain, ondorio larriak ere izango lituzkete Dbus konpainian», adierazi du mugimenduko kide Mikel Sanchezek. Donostian egon daitekeen garraio publikoaren arazoa konpontzeko beste bide batzuk jarraitu daitezkeela esan du.
Finean, Eneko Goiari helarazi nahi diote horrelako azpiegitura bat eraikitzerako unean herritarren ikuspuntua ere kontuan hartu behar dela, eta bere konpromisoa eskatuko diote eztabaida publikoa ireki dezan: «Hiritarrei galdetzea ezinbestekoa da; eta hiriak baditu mekanismo nahikoak hori aurrera eraman ahal izateko».
400 alegaziotik gora
2015eko maiatzean, Eusko Jaurlaritzak Donostialdeko Metroaren proiektua martxan jarri zuen berriro. Nahiz eta «alegazio epea ia erabat oharkabean igarotzeko zorian egon», bizilagunen mugimenduak 400 alegaziotik gora jarri zituen: «Proiektua berrartu zutela jakin izan genuenean, talde gisa elkartzea erabaki genuen, gure desadostasuna eta kezka adierazteko», azaldu du Sanchezek.
Ordutik, eta Metroaren beharra zalantzan jarrita, Satorralaiak lanean dihardu: «Proiektuaren inguruan erakundeek informaziorik ez zutela ematen ikusita, batzar informatiboak antolatzen hasi ginen». Horretaz gain, 80.000 egunkari itxura duten orriak banatu zituzten. Horretarako, 130 boluntariok hartu zuten parte, eta etxez etxe banatzen ibili ziren.
Iazko azaroan, eraikuntza proiektua idazteko kontratuak esleitu zituztela dio Sanchezek: «Hori egin ahal izateko, Metroak izango duen ibilbidean froga batzuk egitea beharrezkoa da, eta makina batzuk erabali behar dira lurrazpian zer dagoen ikusteko. 2012an ere egin zituzten, PSE-EE Eusko Jaurlaritzan egon zen garaian, baina ibilbidearen gauza batzuk aldatu direnez, berriro egin behar dute».
Orain dela hilabete inguru, enpresa horiek udalari azterketa lan horiek egiteko baimena eskatu dutela jakin zuten mugimenduko kideek. Egoera horren aurrean, hainbat neurri hartu zituzten: alde batetik, udalari txosten bat eskatu zioten, lan horiek baldintza egokietan egiten ari ziren edo ez jakiteko. Halere, ez dute erantzunik jaso, eta galdera hori zuzenean egingo diote Donostiako alkateari otsailaren 9ko bileran. Bestetik, herritarrei adi egoteko eskatu zieten; makinen mugimendua ikusiz gero, eurei abisatzeko, alegia.
Lur pribatuak
Bada, astelehenean bizilagun batzuen bi abisu jaso zituzten: Antiguako Pio Baroja inguruan, eta Erdialdeko Zaragoza plazan. Hortaz, bigarren horretan bertan elkarretaratzea egin zuen Satorralaiak asteartean, eraikuntza proiektuak idazteko azterketa lanak egiten hasi direla salatzeko. Enpresak lursail publiko nahiz pribatuetara sartuko direla adierazi zuten, «zenbait lursail okupatuz».
Hala, jende guztiari dei egin diote, Metroaren proiektuaren ibilbidean nahiz bere inguruan gisa horretako azterketa lanak egiten ari direla ikusiz gero, horren berri bizilagunen mugimenduari emateko. Era berean, pribatuak diren lursaileetako jabeek euren eremuan sartzeko baimenik ez emateko eskubidea dutela gogorarazi dute, Metroa sustatzen duen Administrazioak lursail horiek aldi baterako okupatzeko legezko espedientea burutzen ez duen bitartean; kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa Saila da Administrazio eskuduna. Horrenbestez, legeak eskatzen duen baldintza administratibo hori bete ezean, enpresari lursailera sartzeko baimenik ez ematea proposatu diete jabeei.
Epe motzera, hiritarrei informazioa eskaintzeaz gain, Satorralaiak jendea mobilizatzen jarraitu nahi du. Laster, garraio publikoen ereduei buruzko jardunaldi batzuk antolatuko dituzte, Donostiarentzako hiriak nahi duen garraio ereduaren inguruko eztabaida publikoak etenik izan ez dezan.