Ilusioarekin ekin dio urteari Susana Sotok (Gros, 1960). San Telmo Museoaren aurtengo programazioak «behin eta berriro bueltatzeko gogoa» ematen duela dio.
Susana Soto, San Telmo Museoko zuzendaria. (Argazkia: Lide Ferreira)
Nola hasi zen ‘1966/ Gaur Konstelazioak/ 2016’ erakusketaren proiektua?
Ideia 2016ko fundazioan sortu zen, eta beraiek jarri ziren harremanetan komisarioarekin. Behin diseinatuta, guregana jo zuten, eta proiektua onartu genuen. 2014tik lantzen ibili gara eta guretzat oso proiektu interesgarria da. Korronte bat, mugimendu bat, berreskuratzen dugu; eta, horregatik, bete-betean sartu ginen.
Jende askoren laguntza behar izan duzue, ezta?
Hala da. Gaur mugimenduko artisten obrak euren eskuetan daude –Zumeta eta Sistiagaren kasuan–, edo bestela senideak, familiak, dituzte. Bestalde, hiru erakunde ere izan dira oso garrantzitsuak: Txillida Leku, Oteiza Museoa eta Bilboko Arte Ederretako Museoa. Orduan, lan handia izan da hori dena lotzea. Beraien prestutasuna ezinbestekoa izan da erakusketa aurrera eramateko.
Nola deskribatuko zenuke erakusketa bera?
Fernando Golvano komisarioak planteatzen duena honakoa da: duela 50 urte arte mota bat egiten zela, eta talde batek borondatea eduki zuela erakusketa eta manifestu bat aurkezteko. Gaur mugimenduaren helburua euren artea askatasunarekin egitea zen, eta berreskuratu gerra zibila baino lehen Europako abangoardiekin zegoen harreman hori.
Eta hori egungo artearekin, Kairos garaikidearekin, elkartu duzue.
Horrekin lotuta, 50 urte geroago, abangoardi europar horiekin zubi bat sortu dugu. Une honetan egiten ari direnak baliatuta egin dugu, baina artista horien guztien lanetan pentsamendu kritikoak azaltzen dira: kapitalismoa, inmigrazioa… Horregatik izena. Kairos tentsioak dauden denboraren gune bat da. Artistak tentsio une horietan egiten dituzte beren sormenak. Hori da tesi nagusia.
Zer gehiago eskaintzen du?
Familientzako eta gazteentzako tailer guztiak zuzenduta daude artista batengatik. Bisita egin ondoren izango dira tailerrak. Egin izan ditugu, baina desberdina da begirale batekin edo artista batekin egin ahal izatea. Nik uste dut hori plus bat dela.
Urteko programazioan Donostia 2016 hiriburutzaren babesa izango duzue.
Bai. Normalean urtero proiektu handi bat egiten dugu. Iaz, adibidez, Pasolini izan genuen. Baina aurten Gaur Konstelazioak eta Bake-itunak erakusketa handiak ezin izango genituzke bakarrik egin, indar gehiago behar dugu. Ez bakarrik ekonomikoki, harremanak ere ezinbestekoak dira. Orduan, Donostia 2016 gabe hori ez litzateke posible izango. Han egitura bat dute, eta indar gehiago dugu programazio hori guztia lortzeko.
Hondar artean erakusketa ere indartsua da.
Hori inoiz erabili ez dugun toki berezi batean egongo da. Baina ez da pieza bakarrik. Barruan gauzak gertatuko dira: hainbat gaiei buruzko eztabaida eta topaketak. Hori guk bakarrik ezingo genuke egin. Beharbada jaima jarri bai, baina egunero hiru hilabetez bizirik mantentzea ez litzateke posible izango.
Zergatik gomendatuko zenioke norbaiti San Telmo Museora etortzea?
Nire ustez, aurtengo programazioak behin eta berriro bueltatzeko gogoa ematen du. Sarrera ordaindu daiteke, edo asteartean doan sartzeko aukera dago. Baina badago bazkide txartel bat 15 euroren truke urtean. Horrekin nahi duzun guztia ikus dezakezu. Gainera, beti dago bisita gidatu bat barne, erakusketaren komisarioarekin egiten dena. Urte bat baldin badago bazkide egiteko, hori 2016 da.
Hiriburutzaren urtea izanda, jendetza espero duzue.
Bai, hala aurreikusi dugu. Hirira jende gehiago etortzen bada, guk nabarituko dugu; eta horrelako programazioarekin, are gehiago. Iaz 120.000 inguru bisita izan genituen. Aurten ez dugu erronkarik jarri, baina ziur gaude gehiago izango direla.Guretzat helburua normalean ez da kopurua. Izan ere, 2011n ireki genuenetik beti oreka bat mantendu dugu; eta, egoera horretan, ez duzu erronkarik jartzen. Helburua da horrelako proiektu handiak ondo ateratzea. Udan norbait etortzen bada, museoa aukera bat izatea euskal gizartea hobeto ezagutzeko.