3.000 emakumek baino gehiagok eman dute izena Lilatoian
Otsailaren 25ean bukatuko da izena emateko epea; lasterketa antolatzeko laguntza ere eskatu dute.
Martxoaren 6a gerturatzen ari da, eta 27. Lilatoian izena ematen ari diren emakumeen kopurua ere hazi eta hazi ari da. 3.000 emakumetik gora daude jada izena emanda. Lilatoian korrikalari gisa parte hartzeko aukera ez dutenei, antolakuntzan parte hartzera animatu dituzte. Ibilbidea markatu, parte hartzaileak babestu, materiala banatu… Lan handia izango dute martxoaren 6an, eta boluntario gisa parte hartzeko prest daudenei beraiekin harremanetan jartzeko eskatu diete (lilaton@lilaton.es helbidera idatzita).
Antolatzaileek nabarmendu dute aurtengo Lilatoirako nabarmen igo dela parte hartzaile kopurua. Aurtengo helburuetako bat da, Gipuzkoa osoko emakumeak erakartzea Lilatoira, baita Bizkai, Araba eta Nafarroakoak ere etortzea. Hori dela eta, Sportbus-en bitartez autobus zerbitzua antolatu dute. Otsailaren 25ean bukatuko da izena emateko epea. Kirolprobak.com webgunean eman behar da izena.
Aurten, Donostiako Udaleko mugikortasun sailak lasterketaren ordutegia aldatzera behartu die. Hori dela eta, lasterketa goizeko 10:00etan izango da, eta AeroZumbako beroketa 9:30ean.