Inauterietan etorkizunera bidaia egin, eta hiria 2116an nolakoa izango den irudikatzea proposatu dute Donostiako Piratek .
Oraindik ez bazara inauterietako mozorroa egiten hasi, eta ez badakizu nondik hasi,
Donostiako Piratek gai bat proposatu dute: 2116. urtea. “Nolakoak izango gara donostiarrok ehun urte barru? Gogoratuko ote gara 2016az? Edo, besterik gabe, zer iradokitzen dizue 2116 zenbakiak? Zuen mozorroarekin galdera horiei erantzutea da gure proposamena”, adierazi dute piratek euren sare sozialetan.
Piztu irudimena eta hasi etorkizunera bidaiatzen. Umorea erabiliz, kritika erabiliz… Ikuspegi libre batetik 2116an nolakoak izango garen irudikatzea da helburua. Otsailaren 6an, larunbatean, “plan polit bat” egingo dutela aurreratu dute. Eguerdian, 14:00ak aldera Amarako Donosti Berri elkartean bilduko dira bazkaltzeko (bazkaria norberak eraman beharko du etxetik).
Bukatzean, Parte Zaharrera bidean, bertso-musika-tour bat egingo dute. Pirata guztiak batera joango dira bi bertsolarirekin. Eta Parte Zaharrera iristean, zerbait berezia egingo dute. Laster emango dute honen berri.