Haserrea agertu du Kalapiek, autobus geltoki berrian bizikletentzako lekurik ez dagoelako
Aldundiari eta udalari eskatu die bizikletaren inguruan duten jarrera aldatzeko.
Kalapie hiriko txirrindularien elkarteak autobus geltoki berria ezagutu berri du, eta “haserrea, etsipena eta harridura” agertu ditu. Atotxako geltokiak bizikletentzako aparkalekurik ez duela salatu du: “Gaur egun, oso zaila da munduko edozein lekutan autobus geltoki berri bat aurkitzea bizikleta aparkaleku egoki bat eduki gabe. Horregatik, egoera honek harritu egiten gaitu, Donostia urte askoan eredugarri eta aitzindari izan denean bizikletarentzako azpiegituratan eta erabileraren sustapenean”.
Europako Kultur Hiriburutzaren urtean bizikleta “ibilgailu ofiziala” izango zela iragarrita zegoela gogora ekarri dute, eta horregatik, ez dutela ulertzen nola inauguratu duten bizikletentzako espaziorik gabeko autobus geltoki bat. Gipuzkoako Aldundiari eta Donostiako Udalari eskatu die “esaten dutenarekin koherente izateko”, eta bizikletaren inguruan duten jarrera aldatzeko: “Aldundiarentzat eta udalarentzat bizikleta ez da existitzen. Amara Berriko lurrazpiko aparkalekuari ez, Atotxako autobus geltokian bizikletei ez, bizikleta publikoa auzo garaienetara eramateari ez, eta aldundiaren aldetik bizikleta azpiegiturentzako aurrekontu duin bati ezezkoa eman diote”.