Alerta gorria amaitu da, kalte larririk gabe
Hemendik aurrera alerta laranjan dago hiria, olatu handiengatik.
Goizaldeko 3.00etatik 7.00etara indarrean egon da alerta gorria kostaldean, itsasgora 5.20ean izan baita. Hain zuzen, goizeko bostetan bederatzi metroko olatuak izan direla jakinarazi dute. Zenbait puntutan itsasoak gainezka egin du, baina jarraipena egiten ari den mahai teknikoak jakinarazi du, kalte larririk ez dela sortu. Donostiako Udala denboralearen eragina aztertzen ari da. Segurtasunagatik Kursaal eta Mundaiz zubiak itxi dituzte. 08:00etarako Kursaal zubia ireki dute berriz.
Parte Zaharrean, hainbat lokal eta garajetan sartu da ura. Zuloaga plazako aparkalekua izan da kaltetuena, eta 7:00ak arte ezin izan dute bizilagunek euren autoa bertatik atera. Pasealeku Berrian zatiren bat ere hautsi da. Horretaz gain, olatuen indarrak Maria Kristina zubiko barandaren zati bat hautsi du. Ondarretan, Tenisean ura sartu da.
2014an ezarri zuten azken aldiz alerta gorria kostaldean, baina gaurkoa, oraingoz, ez dirudi hain larria izan denik. Hiritarren Segurtasun eta Babes Zibileko zinegotzi Martin Ibabek adierazi du kalteak materialak direla: “Inor ez da zauritu. Kalte materialak aztertzen ari gara orain. Gau zaila izan da, baina segurtasun neurriek funtzionatu dute. Egoera nahiko egonkortuta dago orain, baina arratsaldean beste itsasgora handi bat dator”.
Alerta gorria pasa da, eta alerta laranjarekin jarraituko dute bihar goizalderarte. Olatu handiak, sei metrokoak, espero dituzte gaur arratsaldean 15:00ak eta 20:00ak bitartean.
Udalak eskatu du arretaz ibiltzeko, eta moztuta dauden guneak errespetatzeko.