Denboralea, iruditan
Alerta gorria pasa da, eta alerta laranjarekin jarraituko dute bihar goizalderarte. Astelehen gau eta goizaldean kalte materialak eragin dituzte olatuek. Pasealeku Berria, Perla, Ondarreta eta Mundaiz eta Maria Kristina zubiak izan dira kaltetutako gune garrantzitsuenak. Gaur ere arreta eskatu dute itsasertzean. Olatu handiak, sei metrokoak, espero dituzte gaur arratsaldean 15:00ak eta 20:00ak bitartean.
Larrialdi dekretua onartu dute
Itsas denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko, Donostiako Udalak larrialdiko dekretua abian jarri du. Halaxe azaldu du Eneko Goia alkateak gaur La Rotonda dantzalekuan egin dituen adierazpenetan: “Egoera honetan errazagoa izango da behar diren konponketa guztiak lehenbailehen egitea, hiria aurreko egoerara bueltatu ahal izateko”. Izan ere, kaltea materialak bereziki ondare publikoan gertatu dira, eta horiei aurre egiteko onartu dute dekretua.
Hala, honakoak izan dira denboraleak eragin dituen kalteak:
- Salamanka pasealekua eta Pasealeku Berriko ingurunean: altzariak lekuz aldatu dira Zuloaga plazan, eta ia gehiena ezingo da berreskuratu; Pasealeku Berriako barandak, bankuak eta harrizko harresiak errotik atera dira; eta San Telmo Museoak eta Gipuzkoako Argazkilarien Elkarteak ere hainbat kalte izan dituzte.
- Kontxa hondartza inguruan: pasealekuko arrapalan hainbat baranda atera dira (bereziki, La Rotonda dantzalekuan); eta urak hainbat lokal kaltetu ditu (Hegalak gimnasioa, hondartzako aldagelak, La Rotonda dantzalekua, Atletiko San Sebastian, Eguzki, Bataplan dantzalekua eta La Perla).
- Ondarreta hondartza eta Haizearen Orraziko zonaldea: Haizearen Orrazian zegoen hesia apurtu da, Branka jatetxean eta Tenis Ondarretan ura sartu da; eta Ondarreta eta Eduardo Txillida pasealekuak urez eta hondarrez bete dira.
- Groseko ingurunea: Zurriola hondartzako behealdeak urpean gelditu dira, eta Peña Gantxegi pasealekuan Monpaseko hesiak apurtu dira.
- Urumeako zubien inguruan: Maria Kristina zubian baranda zati bat hautsi da, eta Lehendakari Agirre zubian egurra hautsi da.
- Nautikoa eta terrazak kaltetuak daude, baita Gu dantzalekuaren sarrera ere.
- Txomin Eneako atzealdean eta Ur Kirolak eraikinaren inguruan ura atera da eta uholde txiki bat eragin du.