Metroaren aurkako mugimendua Eneko Goiarekin bildu da, herri kontsulta bat exijitzeko. Alkateak aldarrikapenaren «interes orokorra» zalantzan jarri duela dio Satorralaiak
Elkarretaratzea egin zuten asteazkenean, Urbieta kaleko zundatze lanen aurrean. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
«Donostialdeko Metroaren proiektuaren kontra horrenbesteko oposiziorik dagoenik zalantzan jarri du alkateak. Guk hori ziurtzat jotzen dugula dio, eta ez duela zertan horrela izan behar».
Azpiegituraren aurkako mugimenduko kide Mikel Alonsoren hitzak dira horiek. Hain zuzen ere, Satorralaia taldeko ordezkariak Eneko Goiarekin elkartu ziren asteartean, egitasmoa gelditzeko eskatzeko eta herri kontsulta batera deitu dezala exijitzeko.
Alonsoren arabera, herri kontsulta bat antolatzeko beharrezkoa den «interes orokorra» ere zalantzan jarri zuen alkateak, eta proiektuaren eskumena duen erakundearengana jotzeko esan zien: «Eskaera deserosoa zenean, eskumena duen erakundearengana, Eusko Jaurlaritzara, jotzeko esaten zigun Goiak. Udalak ez duela eskumenik berretsi zigun, Iruneraino iristen den azpiegitura bat dela argudiatuta».
Hala ere, Goiak konpromisoa hartu zuen Satorralaia mugimenduak egindako eskaera Jaurlaritzari helerazteko: «Hori dela eta, Ana Oregiri dei egiten diogu Metroaren igarobidearen proiektua geldiarazteko, eta hirian desadostasun zabala sortzen duen egitasmo polemiko horren inguruko eztabaidan eta erabakietan jendartearen parte hartzea ahalbidetzeko bideak irekitzeko aukera hori alferrik galtzera ez eramateko», adierazi dute Satorralaiakoek.
Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko kontseilariari bere hitza betetzeko eskatu diote, hasteko: «Aukera dauka orain legegintzaldiaren hasieran agindutakoa betetzeko». Izan ere, udala, aldundia eta hiritarrak mahai berean esertzeko proposamena egin zuela gogora ekarri dute Metroaren aurkako kideek.
Astelehenero, bilera
Momentuz, Metroaren aurkako mugimenduak lanean jarraituko du. Asteazkenean, alkatearekin izandako bileraren biharamunean, beste elkarretaratze bat egin zuten zundatze lanen aurrean; Urbieta kalean, oraingo honetan.
Hurrengo egunetarako jarduerak eta mobilizazioak antolatzeko, astelehenero bezala, Amara Bai auzo elkartearen egoitzan elkartuko dira etzidamu, 19:00etan. «30 bat pertsona elkartzen gara, eta denei dago irekita. Hiru astetan behin edo, bilera handiagoak ere egiten ditugu, baina Amara Bai auzo elkartearen egoitzan astelehenero elkartzen gara. Jende guztia dago gonbidatuta ekarpenak egiteko, Metroarena denen artean gauzatu beharreko borroka baita», azaldu du Alonsok.