Nahiago dute kameraren atzean egon, baina oraingoan protagonista izatea egokitu zaie. Joseba Parron eta Jesus Rubio dira Izadi Kirolak eta Irutxuloko Hitzaren argazki lehiaketako irabazleak.
Jesus Rubio eta Joseba Parron saridunak, Izadi Kirolak dendan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Joseba Parronek (Antigua, 1972) eta
Jesus Rubiok (Gros, 1959) ia beti argazki kamera soinean eramaten duten horietakoak dira. Ez dira argazkilari profesionalak, baina aspalditik datorkie zaletasuna. Izadi Kirolak eta Irutxuloko Hitzaren argazki lehiaketako lehen saria eman die epaimahaiak. Ikusleen sari nagusia ere eraman du Parronek, Kurriloak argazkiak lortu baititu boto gehien Irutxulo.hitza.eus-en.
Mendia zen argazki lehiaketako gai nagusia, eta bertatik egin dituzte lehiaketara aurkeztu dituzten irudiak. Parronen Abodin argazkia Irati eta Abodi inguruan zela egin zuen udazken iluntze batean. Argazki honi esker lortu du epaimahaiaren lehen saria.
Mendira joaten da ahal duen guztietan, itsasora ere bai, naturaz gozatzera. Eta argazki kamera eramaten du beti. Diseinu grafikoa eta ikus-entzunezkoen arloan lan egiten du. Donostiako Piraten Izan Pirata eta Groseko gaztetxeari buruzko Kortxoenea, irautea sortzea delako dokumentalen egileetako bat da, besteak beste.
Kurriloak argazkia Zaragozan egin zuen, Gallocantan. Gabonetan izan zen han, eta ikuskizun ederraz gozatu zuen Parronek: «Zorte handia izan nuen, kurriloak berehala joaten direlako. Oso goiz esnatu, eta buelta asko eman ondoren lortu nuen argazkia egitea. Oso txori ederrak dira. Euskal Herrian goitik hegan ikusi ohi ditugu, baina han gertutik ikusi nituen».
Argazki lehiaketa batean parte hartzen duen lehen aldia da bi irabazleentzat. «Argazkiak egiteko bizioa beti izango dugu, baina egia da sariak indarra ematen dizula. Niretzat gorde izan ditut argazkiak, eta jendeak gustuko baditu, ba erakusteko gogoa pizten dizu», adierazi du Parronek.
Jesus Rubiok harreman estua du naturarekin. Aiako Harria parke naturaleko basozaina da. Ordu asko ematen ditu mendian, eta kamera beti prest, momentua iristen denerako: «Sekretua hori da, argazki kamera beti-beti soinean eramatea».
Aralar inguruan, egun euritsu batean egindako Hezetasuna argazkia saritu du epaimahaiak: «Auto barruan nintzen, kristalean ur tantak irristatzen ziren, eta kanpoan baso koloretsua ikusten zen».
Argazki lehiaketako sari guztiak Groseko Izadi Kirolak dendan banatuko dituzte hilaren 19an, 20:00etan, egingo duten ekitaldi berezian. Gainera, lehiaketan parte hartu duten argazki guztiak proiektatuko dituzte, eta erakusgai jarriko dituzte dendan.