Asteazkenero elkartuko dira proiektua gelditzeko eskatzeko, 17:30ean, FNACen.
Metroari buruzko hitzaldi bat egin zuten Koldo Mitxelenan. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Metroaren proiektua gelditzeko
Satorralaia bizilagunen mugimenduak jarduera berriak iragarri ditu,
informazioa zabaldu eta mobilizazioa bultzatzeko. Gaurtik aurrera, esaterako, Metroaren proiektua gelditzeko eskatzeko,
asteazkenero, elkarretaratze bat egingo dute, 17:30ean, FNACen (Loiola kalea).
Halaber, Metroaren auzian eztabaida publikoa sustatzeko bi mahai inguru egingo dituzte, Koldo Mitxelenan. Lehenengoa martxoaren 1ean izango da,
Nork erabaki? izenburupean. EHUko
Parte Hartuz ikerketa taldeko kide Josu Larrinagak erabakietan herritarren parte hartzeari buruz jardungo da, Gamonal auzoko (Burgos) bizilagun eta Satorralaiako kideekin batera.
Martxoaren 9an, Metroaren gaia garraio publikoaren ikuspegitik aztertuko dute. Hizlariak honako hauek izango dira: Jose Fran Cid (mugikortasun eta ingurumen aholkularia), Iosu Iribar (Dbus-eko langile eta Kurpil sindikatuko lehendakaria), Oskar Bordes (Eusko Treneko langilea eta LABeko kidea), eta Raul Mendez (Bilboko Metroko langilea eta
Bilboko Garraioen Liburu Zubia izeneko txostenaren egileetako bat).
Proiektuaren ikerketa informatiboa, aztergai
Bestalde, bizilagunen eta elkarteen
batzar orokor batera deia ere egin dute.
Otsailaren 29an izango da hitzordua, 19:00etan, Amarako Eskoletan. Bertan aztertuko dituzte Eusko
Jaurlaritzak zenbait alegaziori emandako erantzunak; eta otsailaren 15ean EAEko boletin ofizialean argitaratutako ebazpena, proiektuaren ikerketa informatiboa behin betiko onartzen duena, hain zuzen ere. Prozeduraren legezkotasuna zalantzan jar daitekeela diote Satorralaiakoek, “joan den azaroan Metroaren eraikuntza proiektuen idazketa agindu baitzuen jaurlaritzak, ikerketa informatiboaren onarpenari aurrea hartuz”.