Uliako gazteentzako apartamentuak Morlansen egitea nahi du EH Bilduk
"Ingurumenari minik sortu gabe egin daitezke", aipatu du Ricardo Burutaran zinegotziak.
Miren Azkarate zinegotzia Uliako bizilagunekin egon da gaur goizean, parkea ezagutzen, beraiek hala eskatuta.
Uliako mintegietan aurreikusitako hirigintza proiektua zeresan ugari ematen ari da. Izan ere, bertan gazteentzako 70 apartamentu egin nahi ditu udalak, eta, horretarako, Hiriko Plan Orokorra aldatzeko proposamena onartu berri du. Auzotarrek ez dute begi onez ikusten albistea, eta EH Bilduko Ricardo Burutaranek proposamen berri bat egin dio gobernuari, gaur goizean: Gazteentzako apartamentuak Morlansen egitea. Burutaranen arabera, Loiolako Erriberan ere badago nahikoa toki apartamentuak egiteko, baina, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren baimena behar du udalak; Morlanseko zatia, berriz, arazorik gabe moldatu daiteke: “Ingurumenari minik sortu gabe egin daitezke gazteentzako apartamentuak”.
Burutaranen arabera, horrela, Uliako parkea zainduko litzateke, eta Morlanseko egoera hobetuko litzateke. “Merkeagoa izango da hirigintza proiektu hori Morlansen egitea, ingurua jada moldatua baitago: bidegorria, espaloiak, argiztapena…. “. Morlanseko inguru horretan, egun, aparkaleku bat dago, eta, guztira, 2.100 eta 1.300 metro karratu ditu, bi zatitan banatuta.
EH Bilduren asmoa da datorren udalbatzarrean aurkeztea proposamena, zuzenketa gisa. Onartuko balitz, proiektuak ez luke eraikuntza atzeratuko Burutaranen arabera, lauzpabost hilabeteren bueltan onartu daitekeelako plan berezi bat.