"Arduragabekeria hutsa"
Uliako mintegietako hirigintza proiektua baztertzeko eskatu du auzo elkarteak. Parkea ezagutzeko gonbidapena luzatu diote udal gobernuari; Azkarate izan da bisitatzen lehena
Amore eman bagenu, luxuzko etxebizitzak eginak egongo lirateke hemen Felix Soto, Uliako auzo elkarteaAstelehenean, hogei bat uliatar elkartu ziren udaletxean, komunikabideen aurrean egindako agerraldi baten bitartez. Orduan esandakoak berretsi dituzte auzo elkarteko lagunek; “arduragabekeria hutsa” litzateke lorategietan etxebizitza berriak egitea. Udalak badituela horretarako egokiagoak diren lursailak esan dute, eta euren erabakian atzera egiteko eskatu diote udal gobernuari. Bizilagunek Odon Elorzaren garaian parkean dauden ur-biltegiak desegitea saihestu zutela gogoratu du Felix Sotok, eta orain ere udal ordezkarien erabakiei aurre egingo dietela iragarri du auzo elkarteko ordezkariak: “Udal gobernuaren jarrera kezkagarria da, baina ez dugu amore emango. Denbora asko daramagu parkea defendatzen, eta hala jarraituko dugu”.
Haurren jolastoki
Sotok gogoan du bere seme-alabak, txikiak zirela, nola joaten ziren Uliako parkera arratsaldea pasatzera: “Lorategietan lasterka ibiltzen ziren; oso gogoko genuen hona etortzea”. Maribi Iartzak ere gogoan du auzoko haurrak nola ibiltzen ziren zapaburuak harrapatzen parkeko iturrian. Baina, parkeko ateak itxi zituzten, egun batetik bestera. “Aspaldian igandeetan soilik egoten zen zaindaria parkean; gainerako egunetan irekita egoten zen. Egun batean, ordea, ateak ixtea erabaki zuten, eta gune hau irekita egoteko borrokak gaur egun arte dirau”, dio Sotok.Hirigintza plana aldatu zutenean hasi ginen gure parkea defendatzen Maribi Iartza, Uliako auzo elkarteaUliako parkean etxebizitzak egiteko asmoa aspaldiko kontua da. 1995. urtean aldatu zuten hirigintza plana, lorategi izaera aldatu eta eraikitzeko aukera emateko. “Hirigintza plana aldatu zutenean hasi ginen auzo elkarteko kide batzuk elkartzen eta gure parkea defendatzen”, adierazi du Iartzak. Ziur dago, bizilagunak tematu ez balira, ez luketela parkea mantenduko. Uliatarrentzat auzoko gune berde bakarra dela esan du Sotok, eta ez litzatekeela bidezkoa ondare hori galtzea. Jaurlaritzak ingurumena eta parte hartzea sustatzeagatik emandako Elkarlan saria ere aipatu dute uliatarrek, “norabide onean” doazen seinale. Horregatik, ez dute ulertzen udal gobernua etxeak egitearekin “tematu” izana: “Hala dioten arren, argi gera dadila, hirigintza proiektu bat ez dela inondik inora bateragarria parkearekin, eta bertako jarduerekin“, esan du Leire Rodriguezek. “Donostiar guztiek erabiltzeko moduko parke ireki bat nahi dugu”, erantsi du. Aurreikusi dituzten etxebizitzak parkean sartu eta eskubi aldean dagoen lursailean egiteko asmoa dute. Ur biltegiak ez liratekeela ukituko esan du udalak. Auzo elkarteko kideen ustez, ordea, ur biltegien interesa eta balioa inguruak ematen dio: “Ur biltegien artean eta etxebizitzen artean pasabide bat besterik ez litzateke geratuko; parkea bere osotasunean ez errespetatzeak ez du zentzurik”, iritzi dute.
Donostiar guztiek erabiltzeko moduko parke ireki bat nahi dugu Leire Rodriguez, Uliako auzo elkarteaHirigintza asmoei aurre egitea egokitu zaie orain berriro uliatarrei, eta oraingoan ere ez daude amore emateko prest. Rodriguezek jakinarazi du sinadurak biltzen hasi direla, paperean zein Change.org plataformaren bidez. EAJ eta PSE-EEko ordezkariekin ere biltzeko konpromisoa hartu dute, “parkea bertatik bertara ezagutu dezaten”. Bigarren alkateorde Miren Azkaraterekin atzo egon ziren; Martin Ibabe zinegotzi jeltzalearen gaur izango dira. Azkarateren aldetik “erantzun ona” jaso dutela azaldu du Rodriguezek; ulertu du bizilagunen ezinegona, eta gaia gainerako alderdikideen artean eztabaidatzeko borondatea erakutsi du, baina ez die ezer agindu.