Euskal Herrian bizi diren jatorri anitzetako lagunak bildu ditu Banaiz Bagara elkarteak, 2016 Gunean.
Banaiga Band arduratu da abestiei musika jartzeaz. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hizkuntza asko entzuteko aukera egon da Donostia 2016 Gunean, asteburuan barrena. Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da otsailaren 21a, eta Donostia 2016k eta Euskal PEN elkarteak omendu egin nahi izan dute etorkinek eta errefuxiatek dakarten hizkuntza-aniztasuna.
Ongi Etorri izenburupean, hainbat jarduera egin dituzte Easo kaleko egoitzan. Banaiz Bagara elkarteak hartu du lekukoa igande eguerdian, eta
Kontuak eta kantuak, mundu bat konpartitzeko ikuskizuna osatu du. Bertan, Euskal Herrian bizi diren jatorri anitzetako lagunak elkartu dira, bertakoekin batera. Hala, bakoitzak bere burua aurkeztu du euskaraz, gazteleraz eta bere ama hizkuntzan; eta, ondoren, euren herrialdearen inguruko konturen bat azaldu dute. Azalpen bakoitza, ordea, abesti batekin jantzi dute: Euskaraz,
Ikusi mendizaleak; ingelesez,
This land is your land; alemanieraz,
Trin, trink, Bruderlein trink; errumanieraz,
Sa-mi canti cobzar… giro ederrean egon dira bertaratutakoak.
Azken urteotan egindako ikerketek erakutsi dutenez, 120 hizkuntza inguru hitz egiten dituzte Euskal Herriko bizilagunek. Beraz, gaurkoan bazegoen zer ospatu.