Errausketaren aurkako mugimenduak errauste planta egin nahi duten orubeetara joateko deia egin du.
Iganderako deitu duten martxaren kartela.
Errausketaren kontrako mugimenduak igandean
Zubietara antolatu duen martxak atxikimendu ugari bildu ditu. Berrogeita hamar talde baino gehiagok bat egin dute igandeko mobilizazioarekin. Erraustegia Erabakia (Usurbil), Zubietako Herri Batzarra, Lasarte-Orian Aire Garbia, Aiztondoko plataforma, Ipar Haizea, Errausketaren kontrako Koordinadundea, Zero Zabor IBE, Hernanin Zero Zabor, Oñati Zero Zabor, Tolosa Zero Zabor, Usurbilgo Zero Zabor, Ekologistak Martxan, Eguzki, Haritzalde Naturzaleen Elkartea, Ernai, Irabazi, Equo, Sortu, EH Bildu, Ezker Anitza-IU, CCOO Euskadi, Noaua kultur elkartea, LAB, ESK…
Foru Aldundiak erraustegiaren mehatxua piztearekin batera, errausketaren aurkako mugimendua piztu egin dela adierazi dute, eta proiektuaren aurkako oposizioa bizi-bizian dabilen sintoma dela uste dute. Joan den astean aurkeztu zen Aiztondo plataforma, Villabonan, Zizurkilen, Adunan, Alkizan, Asteasun eta Larraulen erraustegiaren kontra dauden herritarren bilgunea. Andoainen, Ipar Haizeak deituta, giza katea egin zuten. Hernaniko Udalak “Erraustegirik ez, ez Zubietan eta ez beste inon” mozioa eztabaidatuko du, Hernani Zero Zaborrek proposatuta. Usurbilgoak, berriz, gaur ere, baimena eskatuko dio ofizialki Espainiako Gobernuari herrian erraustegiari buruzko kontsulta bat egiteko.
Iganderako martxak tokian tokiko eragile asko bildu ditu, eta hainbat herritatik abiatuko dira, denak Zubietak elkartzeko. Edonondik abiatu direla ere,
denek bat egingo dute 12:00ak aldera Letabiden, Aldundiak Gipuzkoako erraustegia eraiki nahi duen orubeetan, alegia. Gero elkarrekin jaitsiko dira Zubietara. Bertako frontoian, 13:00akak aldera, martxa egiteko ekitaldia izango da.
Momentuz konfirmatuta dauden abiatze-hitzorduak hauexek dira. Andoain, merkatuan, 8:00etan. Zizurkil, plazan, 8:00etan. Hernani, Gudarien plazan, 8:30ean.
Añorga Txiki, 9:30ean. Lasarte-Oria, Okendon, 10:30ean. Zubieta, plazan, 11:00etan. Usurbil, frontoian, 11:00etan.
“Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi”. Hau da martxaren oinarrian dagoen ideia nagusia. Ekinaldiaren bultzatzaileek ohartarazi dute errausketa “arriskutsua” dela ingurumenarentzat eta osasunarentzat. Aldi berean, sistema “garestia” dela ere ohartarazi dute, eta hor kokatu dute GHK-k tarifak %20 garestitzeko hartu berri duen erabakia. Errauste plantaren proiektua “berriro” bide bazterrean utz daitekeela uste dute antolatzaileek, eta “behin betiko” oraingoan.