Garbera Bea, Garbera Txiki, Garbera Goia eta Garbera Berri. Errepideak eta merkataritza gune bat daude gaur egun, Altza historikoko baserri horiek zeuden lekuan. Toponimiak ez ezik, memoriak ere bizirik jarraitzen du
Garbera, 1950. urteko hamarkadan. (Argazkia: Francisco Armendariz / Altzako Tokiko Bilduma)
Garbera merkataritza gunea handitzeko egitasmoa aurkeztu zuen udal gobernuak, joan den astean. Bada, merkataritza izaera izan aurretik, Garbera mendi eremu eder bat bat zen, baserriz, larrez eta zuhaitzez osatua. Altzako Tokiko Bildumaren irudiek hala berresten dute; albistea laguntzen duen argazki nagusia adibide, 1950. hamarkadan ateratakoa.
Garbera toponimia lau baserriren deituratik dator. Hain zuzen ere, Altzako eremu horretan lau etxe zeuden izen horrekin; Garbera Bea, Garbera Txiki edo Palacio izenarekin ezaguna, Garbera Goia eta Garbera Berri, Bustintxulo ere deituta. Garberako gaina izeneko parajea ere bazegoen, geroago autobideak betirako Garberatik bereiztu zuena. Herrerako futbol zelaia eraiki zuten bertan.
Merkataritza gunea bera eraiki zutenean bota zuten Garbera Goia. Lau baserrietatik, honek du agian historia aberatsena. Haren paretak, behintzat, pasarte ugariren lekuko izan ziren.
XVI. mendean eraikita, Garbera Goia komentu bat izan zen hasieran, eta, XIX. mendearen erdialdean, karlisten gotorleku. Altzako Historia Mintegiko dokumentazio zentroaren arabera, Falkonena familiaren jauregia izan zen, 1760. urtea arte. Jabetza eurena izaten jarraitu zuen urte horretatik aurrera, baina bertan bizitzeari utzi zioten. Hala, 1800. urtean, Mateo Berra bertan bizi zen, eta, 1910. urtean, Domingo Arrieta. Beste etxebizitza bat ere bazuen baserriak, eta Andres Arrieta Alkizaren bizileku bilakatu zen, Marrus baserrian jaiotako bertsolari altzatarrarena. Honi buruz diote, Maria Estefania Jauregirekin ezkondu zenean, sagardotegian hiru egun eman zituela mugitu gabe. Txirrita, Gaztelu, Frantxi txikia eta Olegario bertsolariak berarekin egon ziren, mugitu gabe hauek ere.
Garbera Bean beste bertsolari ezagun bat bizi izan zen: Bixente Barandiaran.
Illunbe, bilakaera bera
Garbera merkataritza gune batekin identifikatzen dugu gaur egun. Illunbe ere aisialdi gune bat izan da duela gutxi arte. Bada, Amarako gune honek Altzaren bilakaera bera izan du. Izan ere, saihesbidea eraiki aurretik, Illunbe baserria zegoen bertan, izen bereko errekaren altzoan. Beste baserri bat zuen ondoan, Anoeta; oraingo belodromoaren ondoan zegoen.