2001etik 2009ra egon zen Eusko Jaurlaritzan Miren Azkarate (Erdialdea, 1955). Donostiako udaletxean, berriz, bigarren legegintzaldia du oraingoa. Lehen aldia da unibertsitatea utzi eta politikari lanetan dabilena, baina irakasletzat du bere burua.
Miren Azkarate, Euskara, Kultura eta Hezkuntza zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Politikan urte askoan aritu arren, irakaslea zarela diozu.
Bai zortzi urtez egon nintzen Jaurlaritzan, baina sekula ez nituen guztiz alboratu unibertsitateko lanak. Donostiako udaletxean, berriz, aurreko legegintzaldian hasi nintzen, baina liberatu gabe. Beraz, gehiago izan nintzen irakasle zinegotzi baino. 27 zinegotzietatik ni nintzen liberatua ez zegoen bakarra. Baina oraingoan bai, unibertsitatea utzi eta udaletxean ari naiz bete-betean.
Urte hauetan guztietan euskara eta kultura alorretan aritu zara. Horiek dira zure harribitxiak?
Bai, horiek izan dira kudeatu beharreko arloak, eta nire ibilbide pertsonalarekin ere oso bat datozenak.
Nola dago euskara Donostian?
Orain dela urte batzuk baino hobeto, baina ez dizut esango ondo dagoenik. Nondik gatozen kontuan hartzen badugu, nabarmena da aurrera goazela, baina oraindik asko gelditzen zaigu egiteko.
Asko dago egiteko, erabileran?
Ez erabileran bakarrik. Inkesta soziolinguistikoak erakusten duenez, Donostian %40 da elebiduna. Beraz, ezagutzan ere oraindik badugu tarte on bat egiteko.
Hiri honek badu ezaugarri bat euskal gizarteak duena, hau da, adin piramidearena. Baina bereziki nabarmena da egoera hori Donostian. 60 urtetik gorako pertsona asko dago, eta horiek euskaraz ikastea zaila da.
Argi dago euskarak egin duen irabazia gehienbat eskolari esker, haur eta gazteen artean egin duela. Beraz, jarraitu beharko da kanpainak egiten, eta ditugun haurrak D ereduan matrikulatzea sustatzen, oinarrizko jakintza bat izan dezaten.
Euskara ikusarazten ere saiatu da udala. Bide beretik jarduteko asmorik baduzue?
Bai, noski. Hirugarren urtea da merkataritzan nahiz ostalaritzan euskara bistaratzeko kanpainak egin direla.
Hemen ere euskaraz,
Lanean ere euskaraz kanpainak oraindik falta diren auzoetara iristen saiatuko gara.
Askotan euskaraz jakin arren, inertziaz edo, gazteleraz egiteko joera dago. Euskaraz arreta egingo duten lekuak identifikatzeko ikurrek txipa aldatzen lagundu dezakete, eta horretarako erraztasunak emango ditugu.
Era berean, eskolak ematen duen hori osatzeko hainbat gauza egiten saiatzen da udala. Haur eta gazteek aisialdian ere euskara erabiltzeko baliabideak jartzen ditugu, Parketarrak, Euskaraz Blai edo kirol jardueretan, esaterako.
Neurri horiek emaitzarik ematen dute?
Oso zaila da emaitzak neurtzea. Herritarrek beste hizkuntza ohitura batzuk har ditzaten laguntzeko balio dute neurri horiek. Udalak lagundu dezake, baina hizkuntza politika baten adierazgarririk behinena erabilera da, eta norbanakoak hartu behar du erabilera horren erantzukizuna.
Eredu batzuk eman daitezke, baina laguntza hori ezin da etengabekoa izan.
Eta udaletxe barnean erabiltzen al da euskara ?
Orokorrean, euskararekiko jarrera ona dago udaletxean. Herritarrei arreta euskaraz egitea, horixe da lehenengo bete behar dugun eginkizuna.
Hortaz gain, IV eta V. Euskara planek helburu badute, ez bakarrik euskaraz ikastea, baita lanean erabiltzea ere.
Udaletxean euskara erabiltzeko errazena taldetxoetan, norbere inguruko laupabost lagun horiekin ahal dela euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea izaten da.
Zer iruditzen zaizu Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako egitasmoa?
Oso esperientzia interesgarria da, baina ideia hori beste auzo batzuetara zabaltzeko baldintza jakin batzuk bete behar dira. Hizkuntza politikan askotan inguruko faktoreek indar handiagoa izaten dute aurrera atera nahi den plangintzak baino. Egiak nortasun ezaguna du, oso auzo bizimodua du, oso muga argiak ditu. Gainera, auzoko ikastetxeetako haurrak bertakoak dira, eta horrek aukera ematen die ikastetxeei eragile gisa parte hartzeko.
Baldintza horiek beste leku batzuetan nekez aurkitzen dira.
Dena den, oso proiektu interesgarria da, eta zabaldu nahi bada, ikusi beharko da beste zenbat auzo ditugun baldintza horiek betetzen dituztenak.
Auzoko bizimodua, eta parte hartu nahi duten auzotar aktiboak behar dira. Zeren, boluntario lana da, eta askotan ez da hain erraza euskararen alde egingo duen talde bat osatzea.
Euskara batzordeek egiten dute sarri akuilu lan hori. Zein egoeratan daude?
Egiako taldea kontuan izanik, 11 euskara batzorde daude. Horietako batzuk urteetako esperientzia daukate, Bizarrain esaterako. Beste batzuk berriagoak dira, edo ugariagoak. Oso euskara batzorde anitzak daude hirian, auzoetako errealitatea bezalaxe.
Lan boluntarioa aipatu dudala, askotan pertsona pare baten bizimodua aldatzea edo auzotik alde egitea nahikoa izaten da taldearen motorra erdi hondatuta gelditzeko; ez da erraza.
Ez dago batzordeen arteko koordinazio edo elkarlanik?
Urtean pare bat bilera egiten saiatzen gara. Gainera, aurten intraneta jarriko dugu abian, elkarren berri izan dezaten, eta besteek egiten dutena ikusiz, informazioa elkartrukatzeko.
Sare honen bidez, elkar elikatu eta euskara batzordeen mugimendu hori nola indartu aztertzen ari gara.
Eta euskarak zein leku du kultur hiriburutzan?
Kultur hiriburutzako agenda oso oparoa eta anitza da. Jarduera asko daude, horietako batzuk euskaraz; euskaraz eta gazteleraz beste hainbat; eta baita ingelesez eta frantsesez ere.
Eskaini berri den Time Machine Soup ikuskizuneko jatorrizko testuak, esaterako, euskarazkoak ziren, eta emaitza agerian gelditu da; ikuskizun izugarri polita izan da.
Baina jarduera zehatzez gain, hizkuntz aniztasunaren inguruan, Ahotsen Itsasargian proiektu asko eta asko daude. Batzuk ez dira agerikoak, baina euskara, eta beste hizkuntza gutxituak balioan jartzen dituzte. Toska edo Hizkuntza gutxituen protokoloa, esaterako. Horiek urte guztian zehar landuko dira.
Komunikazio faltak sortu ditu kritika handienak. Lortu al du ataka hori gainditzea?
Behin inaugurazio ekitaldiak pasata, egitaraua zehazten edo eskaintza zehatzak bistaratzen ari gara dagoeneko.
Galdu ezinezko sei esperientzia aipatu izan dira; Time Machine Soup da horietako bat. Baina, esan bezala, eskaintza oparoa eta etengabea da. Urte guztian zehar izango da zer ikusi, zertaz gozatu.
Ez litzateke bidezkoa jarduera batzuk bakarrik nabarmentzea. Izango dira erakusketak, izango dira kontzertuak… gustu guztietarako jarduerak.
Talde mugatuentzako proiektu txikiez gozatzeko aholkua emango nieke herritarrei. Baina jendeak ez du zer eskaini zain egon behar. Webgune osatu bat badu Donostia 2016k egunez eguneko egitaraua zehazten duena. Eta Alderdi Ederren ere bada informazio gune bat.
Ez dela nabari kultur hiriburutza denik, horretaz kexu dira asko. Kalera atera eta kultur hiriburutza sumatzea, horretan oraindik ez dugu asmatu, hori onartzen dut. Baina pixka bat aktiboagoak izateko esango nieke herritarrei. 100 proiektutik gora daude; nahi duenak badu zerekin gozatu.
Jende askorentzako emanaldi ikusgarriak izango dira, baina askotariko proiektu txikiek osatzen dute kultur hiriburutzaren muina.
Etorkizunerako kultur ondare bat uztea da hiriburutzaren helburua. Nolakoa izango da ondare hori?
Aztertu eta landu behar dugun gaia da, bai.
Badira denboran luzatuko diren proiektuak, eta beste batzuk jarraipena beharko dute. Olatu Talka, esaterako, Donostia Kultura eta Donostia 2016k antolatu dute aurten. Gero Donostia Kulturak antolatu beharko du.
Kulturaren ikuspegitik Music Box programaren filosofia ere oso interesgarria da. Hau da, ohikoak ez diren lekuak baliatzea kultur jarduerak eskaintzeko.
Edo Kontxa pasealekuaren azpiko boladizoetan ere jarduerak egin dira, eta argi geratu da beste erabilera bat izan dezaketela.
Gai izango ote gara, dinamika horri eutsi eta espazio ezberdin horiei kultur erabilera ere emateko? Lanketa horretan ari gara.
Espazio eske dabilen talde gehiago bada hirian; Kortxoeneakoak, esaterako. Zertan da gaia?
Donostiak duen kultur jarduerari mesede egiten dio horrelako proiektu autogestionatu batek. Hori argi esan diegu eurekin izandako bileretan.
Zemoria zuten begiz jota, baina eraikin horretarako badaude beste asmo batzuk hezkuntzarekin lotuak, eta hasieratik esan genien lehentasuna izango zutela hezkuntza proiektuek.
Momentu honetan lanbide heziketako proiektu bat ari gara lantzen. Beraz, horren arabera ikusi beharko da, izatekotan, zer espazio geratzen den libre.
Zure izenaren atzetik hainbat kargu datoz: bigarren alkateordea, Donostia 2016ren arduraduna, Euskara, Kultura eta Hezkuntza zinegotzia. Zerk sortzen dizu buruhauste gehien?
Berria delako agian, eta bertan dagoelako, baina erronka handiena 2016k sortzen dit.
Hezkuntza eta kultura sailek nahiz Euskara zerbitzuak urte askotako esperientzia daukate. Talde sendo bat daukate atzean, eta horrek lasaitasun handia ematen du.
Kultur hiriburutzak koordinazio lan handia eskatzen du: aurkezpenak, protokolo kontuak, babesleak… jende askorekin egin behar da lan. Erronka handia da, bai