Ibaetako jaietan emanaldi bikoitza eskainiko du asteburuan, Egan taldearekin. Urrian erretiratu egingo da, 46 urte herriz herri ibili ostean. Hala, Agur Bira Mundialari bihar ekingo dio Saldiasek.
Xabier Saldias. (Argazkia: Lide Ferreira)
Maitasunagatik etorri zen Donostiara bizitzera Xabier Saldias (Azpeitia, 1951), 80. hamarkadan. Egan musika taldea sortzeagatik egin zen ezaguna, eta, 46 urte lanean jardun ostean, agur esango die erromeriei. Ibaetako jaietako publikoari asteburuan eskainiko dio azken emanaldia. Larunbatean 19:30ean joko dute; eta igandean, 18:30ean.
Nolakoa izan zen herritik hirira jauzi egitea?
Gauza batengatik edo bestearengatik, familia osoa elkarrekin joan egin ginen Azpeitiatik. Nire kasuan, emazteagatik etorri nintzen hirira. Probintzian bizi den batentzako hiriburura joatea amets moduko bat da.
Behin Donostian zinela, Ibaetarekin oso harreman gertukoa izaten hasi zinen.
Musika talde bezala, Euskal Herri osoa ezagutzen genuen, eta ordurako dagoeneko Ibaetan jo genuen. Lorean bizitzen hasi nintzen, eta dagoeneko ezagutzen nituen auzotarrak. Horrela sartu nintzen Ibaetako jai batzordean. Musika inguruan nik jende gehiago ezagutzen nuen, eta ekarpen bat egin nahi nuen. Musika ekipoa ere daukadanez, lagundu nezakeela pentsatu nuen.
Atzera egingo dugu. Nola sortu zen Egan taldea?
Enpresaritza ikasten ari nintzen, baina zenbakiekin ez nintzen oso trebea eta uztea erabaki nuen. Gainera, zortzi anai-arreba ginen, eta diru falta zegoen. Horregatik hasi nintzen musika munduan. Hasieran, beste talde batean ibili nintzen, eta kantatzen dirua jasotzen nuela ikusita, jarraitu nuen. Orduan, hor sakabanatuta ginen azpeitiarrok elkartu eta otu zitzaigun Egan sortzea.
Formula berezia zen zuena.
Ez Dok Amairu eta garai hartako kanta ezagunak euskaratu genituen eta horiei erritmoa jarri genien. Funtzionatu zuen, eta lehenengo urteetan, kontzertuak perritxoak bezala atera ziren. Adibidez, 90. hamarkadan, 200 emanaldi egin genituen.
Nolakoa zen abestiak euskarara itzultzearen prozesu hori?
Adibidez, show must go on esaldiarekin, fonetikoki, zu maisu on etortzen zitzaidan burura. Askok ingelesez ari ginela pentsatzen zuten! Azken batean, bi baldintza betetzen genituen: bokalak behintzat berdinak izatea, eta belarrira txoke handirik ez egitea. Gero, hitzak guri bururatzen zitzaizkigun.
Zein izan zen zuen arrakastaren sekretua?
Jendeak hori nahi zuela: euskarazko kantak nahi zituen. Ordura arte, txistua eta trikitixa ziren erromeria. Beste instrumentu batzuk sartzea eta erritmoa jartzea, berritasuna izan zen.
Abeslariek duten ligatzeko ospe hori benetakoa da?
Orain ezer gutxi! Baina hasierako urteetan baietz esango nuke. Guapoa nintzenean bai, orain zaharra naizenean, koxkorrik ez. Eta ez dut nahi, eh!
Taldea 1994an banatu zen. Zergatik?
Bizikidetza zaila da, eta ego kontuengatik izan zen. Bakoitzak bere aldetik egin zuen bidea. Beraiek beste talde batzuk sortu zituzten, eta nik Egan izena mantendu nuen.
Azken urteotan, taldeak estiloa aldatu duela esan daiteke.
Bai. Telebistan-eta ikusi nuen, abesteko baino, dantzarako grina gehiago zegoela. Gure garaian, musika belarritik sartzen zen; orain, berriz, begietatik sartzen da. Horregatik, ikusgarriago egiteko, instrumentuak alde batera utzi ditugu eta dantzari eman diogu lekua.
Zuk ohitura duzu jendearen artean abesteko, ezta?
Azpeitiarrei ez zaigu gustatzen inor ohartu gabe pasatzea, eta zerbait desberdina egin behar nuen. Jendearekin gertutasun handiagoa edukitzeko erabiltzen dut. Distantzien kontrakoa izan naiz beti.
Alabak ere zenbaitetan parte hartu izan du taldean. Nolakoa da familiako batekin lan egitea?
Oso alaba azkarra daukat, eta berak segituan ikasten ditu gauzak. Etxean beti kantatzen ibiltzen gara, eta alaba gazteenari nirekin etortzeko esan izan diot, baina lotsatu egiten da.
Egun, gehienbat udan jotzen duzue, ezta?
Hori da. Guztira, 60 bat emanaldi eskaintzen ditugu, eta horietatik 40 edo uda partean izaten dira. Gu santuekin antolatzen gara, eta San Prudentziokin hasten gara Lazkaoko festetan. Horrela, herri guztiak jarraian egiten ditugu, Pilarika arte.
Aurtengo uda, ordea, azkenekoa izango da zuretzako.
Bai, halaxe da. Ni, berez, uztaila erdialdean erretiratu beharko nuke. Baina hortik aurrera norbaitek deituz gero, adibidez, uztailaren 15ean Añorgak, pena ematen zidan ezetz esatea. Horregatik, azken kontzertua Urnietan izango da, urria hasieran.
Zergatik erabaki duzu erretiratzea?
Behin guztia antolatua duzunean, mozkortu egiten zara jendearekin. Baina kantatzetik kanpo gauza asko daude: ekipoa, furgoneta, dena ondo dagoela ziurtatzea… Horrek guztiak umorea baldintzatzen dizu, eta 46 urte herriz herri eman ondoren, iritsi da unea. Abestea eta umorea jartzea bakarrik izango balitz, 90 urte arte jarraituko nuke. Gainera, erromerian gabiltzanak, batzuetan, bigarren mailakoak izango bagina bezala tratatzen gaituzte. Horrek tristura ematen dizu.
Baina egindako lanarekin pozik egoteko moduan egongo zara.
Jakina. Ni langile bat naiz, iturgin bat bezala, ez daukat batere artista izaerarik. Garai hartan musikatik bizitzeko apustu hori egitea, eta orain lortu duzula ikustea izugarria da. Harro nago egin nuen apustua bete dudalako. Eta erretiroa sari bat da.
Zer gertatuko da Egan taldearekin? Zu joanda, jarraituko dute besteek?
Ez dakit, egia esan. Taldekide bakoitzak bere lehentasunak ditu. Lan erdia eginda daukate, jendeak ezagutzen du taldea eta datorren urtean herrietatik deitzen jarraituko dute. Beraz, beraien esku dago.
Nola ikusten duzu egungo euskal musika?
Gure garaian jendeak ez zuen kultura musikalik, eta ordutik hona asko ikasi dute. Orain, aukera ugari dituzte, eta horrek esan nahi du jendea espezializatu dela. Estilo komertzialera joan gabe, kristoren musika dago: Ruper Ordorika, Fermin Muguruza… Jende asko dago musika egiten, era eta estilo guztietakoa. Abeslarien garaia, punka, rapa… dena pasa dugu, zeuden tabu guztiak gainditu ditugu eta edozer gauza egiteko gai gara. Euskal musika aberatsa da.
Asteburuan Ibaetako jaietan azken aldiz joko duzu. Zergatik joan behar du jendeak zuek ikustera?
Ni gehiago ez nautelako ikusiko! Tumatxak saioan aurkezleak esan zuen abeslari akrobatikoena nintzela, goiko musika notetan ere hegan ibiltzeko gaitasuna nuela. Bada, horregatik eta agurtzeko etor daitezela. Eta, ziurrenik, ez delako beste inor egongo herriz herri 46 urtetan musikan ibili denik