Alegazioek «Kontxan izozki postu bat jartzearen aurka egiteko» ere balioko luketela dio.
Koldo Mitxelena lepo bete zuten asteartean, Metroari buruzko hitzaldia zela eta. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostialdeko Metroaren proiektuak eztabaida piztu du hirian, baina, egitasmoaren edukia baino harago, gogoeta interesgarri bat ekarri du lehen lerrora: Administrazioak herritarren parte hartzea bermatzeko dituen tresnak eraginkorrak diren ala ez.
Alegazioak aurkezteko epea, herri kontsultak egiteko araudia, proiektuaren administrazio-txosten osoa eskuratzeko aukera… printzipioz, herritarrek badituzte aukerak Metroa bezalako proiektuetan eragiteko. Errealitatea, baina, beste gauza bat erakusten ari dela nabarmendu dute Satorralaia mugimenduko lagunek.
Hain zuzen ere, Metroaren aurkako mugimenduak hitzaldi bat antolatu zuen asteartean, Nork erabaki leloarekin. EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeko kide Josu Larrinagak eta Burgoseko Gamonal auzotik etorritako bi ekintzailek hartu zuten parte, galdera honi erantzuteko: «Parte hartzea, demokrazian sakontzeko bidea edo inposaketa makillatzeko trikimailua?».
Mahai inguruan entzundakoak entzunda, bigarren baieztapenak du indar gehiago. Larrinagak ez du zalantzarik: «Oso zaila da parte hartzeko gonbidapen bat aurkitzea porlana duten egitasmoetan».
Satorralaia mugimenduko ordezkari Mikel Sanchez ere iritzi berekoa da, eta orain arte oztopoak besterik ez dituztela aurkitu salatu du: «Ezin da benetako parte hartze prozesu bat eman, informazio guztia eskura ez badago».
Proiektuaren txosten osoa ezin izan dutela oraindik eskuratu azaldu du, izapideak oso zorrotzak direlako: «Gasteizen daude dokumentuak, baina han kontsultatu behar ditugula esan digute, baina, aldez aurretik, zer nahi dugun ikusi zehaztuta. Osoa ezin omen dugu ikusi; beraz, osoa ikusi nahi dugula ezin dugu esan. Hala, aurkibidea eskatu behar dugu, eta bertan adierazi interesatzen zaiguna. Baina dena ezin dugu aukeratu, ezin dugulako agerian utzi dena kontsultatu nahi dugula». Izapideekin denbora joaten dela ohartarazi du Sanchezek, eta Metroa bezalako proiektuetan denbora giltzarri da: «Adibide bat besterik ez da, baina hori da dagoen bidea informazioa eskuratu ahal izateko».
Satorralaia mugimenduko kide Mikel Alonsok jakinarazi du EH Bilduk dokumentu batzuk lortu dituela: «Koalizioak txostena eskatu zuen, eta zortzi artxibo eman dizkiote CD batean. Administrazioa adarra jotzen ari zaigu. 225 milioi euroko obra bat zortzi PDF-etan laburtzea zentzugabekeria bat da».
Alegazioak, atzera
Metroaren aurka 400 alegaziotik gora aurkeztu zituzten joan den udan, eta erantzunak egunotan jaso dituzte, Euskal Trenbide Sarearen aldetik. Alegazioak atzera botatzeko argudioek parte hartze prozesuaren balioa zalantzan jartzen dutela iritzi dute Satorralaiakoek. Idatzi nagusiak jasotako erantzuna jarri dute adibidetzat –300 alegazio aurkeztu zituzten, proiektua bertan behera uzteko eskaerarekin–: «Ideologia eta topiko batzuk aipatzen dira, balio ahalko luketenak Kontxako hondartzan izozki postu bat jartzearen edo Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren kontra egiteko. Horixe esaten du erantzunak», azaldu du Sanchezek.
Informazio falta salatzen duen alegazio batek, berriz, honako erantzuna jaso du, Satorralaiakoek azalduta: «Alegazioa aurkeztu duenak dio informazio gutxi izan duela eskura, baina alegazio honen aurkezpenak kontrakoa esaten du: informazio nahikoa izan duela, denboran eta forman, nahi duena arrazoitzeko».
Herritarrei egitasmoari buruz erakundeek galdetzea ere ia ezinezkotzat jo dute Satorralaiakoek. Herri Kontsulten Erreglamendua baliatzea baztertu dute, araudiak jasotzen baitu udalaren eskumena ez den gai bati buruz ezin delako galdetu. Aldundiak ere badu araudi bat kontsultak egiteko, eta horretan ari dira orain lanean.