Dbus-en 26 lineak okerrera egin duela kexu dira auzo elkarteak.
Dbus-en autobus bat, Bulebarreko geltokian. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Autobus zerbitzu publikoaren hobekuntzak eskatzeko, idatzi bateratu bat bidali diote Donostiako Udalari lau auzo elkartek: Loiolako Erribera, Loiola, Txomin-Enea eta Martutene. “Azken hilabeteetan, bereziki Martutenen Urumearen inguruko lanak hasi direnetik, zerbitzuak okerrera egin duela jakinarazi digute 26 lineako erabiltzaile askok”; hala, ibilbideak 30 minutuko iraupena izan beharrean, 48 minutukoa duela diote.
Bizilagunen arabera, euren auzoetan autobusa asko erabiltzen da, bestelako garraioen aurrean, eta, horregatik, beharrezkotzat jotzen dute zerbitzua hobetzea. Hain zuzen ere, Dbus-en datuetan oinarrituz, 26-Martutene linea hiriko laugarren erabiliena dela diote; 28, 13 eta 5aren atzetik.
Maiztasunari dagokionean, 26 autobusa 15 minuturo dela diote, eta 1.499.290 bidaiari izan zituela 2014an. Hala, alderatu egin dute erabiltzaile gutxiago izan arren maiztasun gehiago dituzten hiriko beste autobus linea batzuekin, euren haserrea adieraziz.
Irakurketa hori egin ostean, honako neurriak eskatu dituzte:
- Asteguneko ordu erabilienetan autobus artikulatuak bakarrik jar ditzatela.
- Maiztasuna hobetzea. (Lehen bezala 12 minuturo; bost autobus orduko).
- Neurriak hartzea beste autobus linea batzuk dituzten bizilagunek 26a ez erabiltzeko.
- Semaforoen sinkronizazioa Loiolako zeharbidean.
Horretaz guztiaz gain, autobus geltoki berriarekin lotura izan nahi dute, besteak beste.