Igeldoko Herri Kontseiluak nabarmendu du Donostiako Udalak ez dituela herriaren beharrak asetzen, eta salatu du ez dutela komunikazio zuzenik. Hirigintza garapenak kezkatzen du gehien
Igeldoko Herri Kontseiluko ordezkari Iker Zinkunegi, Ander Zubeldia, Maider Illarramendi eta Ainhoa Gorostidi. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Igeldoren desanexioari buruz askotan hitz egin dute komunikabideek, baina gutxitan galdetu diete igeldotarrei aldarrikapen horren atzean dauden arrazoiengatik. Irutxuloko Hitza Igeldora hurbildu da, eta bertako erakunde nagusiarekin, Herri Kontseiluarekin, bildu da erantzunak jasotzeko.
Herri Kontseiluko kide dira Iker Zinkunegi, Ander Zubeldia, Maider Illarramendi eta Ainhoa Gorostidi. Udal baten funtzioa betetzen du erakundeak, baina eskumenik izan gabe. Donostiako Udalarekin bitartekaritza lana egiteko sortu zuten 1994. urtean, Igeldoko beharrei erantzuteko. «Herriaren ordezkaritza bat da, eta herriaren borondatea defendatzea da bere betebehar nagusia. Desanexioaren alde lan egiten duen elkartea Itsas Aurre da, ez Herri Kontseilua. Nahasmen handia dago gai honekin. Herri Kontseilua igeldotarren interesak defendatzeko dago», zehaztu du Zubeldiak.
Hori argi utzita, nabarmendu dute udalerri bat izatearen aldarria sentimendu kontu bat baino gehiago dela. «Herri sentimendu bat dago, baina behar batzuk ere bai. Igeldok arrisku batzuk ditu Donostian egoteagatik; hirigintza garapenarekin lotutakoak, batez ere, dugun lur eremua kontutan hartuta. 1.200 biztanleko udalerri bat izango bagina, hainbat hirigintza proiektu ezingo lirateke legez proposatu edo egin; Donostiaren barruan egonda, bai», azaldu du Zubeldiak.
Duela bi urte egindako herri kontsultaren emaitza ulertzeko kezka hori kontutan hartzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. «Hirigintza proiektuekiko kezkak eragin handia izan zuen desanexioaren alde egiteko; balantza desorekatu zuen», adierazi du Zinkunegik. «Mendi magal guztia etxebitzez beteta legoke, zaindari egon izan ez bagina», esan du Zinkunegik berak.
Zenbait hirigintza proiektu bertan behera geratu dira, igeldotarren borrokaren ondorioz. «Tximistarrin kirol kai bat aurreikusi zuten, eta herrian golf bat eraiki nahi zuten», ekarri du gogora Gorostidik. «Udalerri bat izatea beharrezkoa da Donostiaren menpe ez egoteko, etorriko denaren zain ez egoteko», erantsi du.
Udalbatzaren menpe
Azaldu dute udalerri txikietan proiektuek bi filtro pasa behar dituztela; herriarena eta aldundiarena. Donostian Udalbatzak onartzearekin nahikoa da. Egoera korapilatsuagoa egiteko, nabarmendu dute Herri Kontseiluak Donostiako Udalarekin izan beharko lukeen harremana ez dela ematen. «Komunikazio zuzena izatea nahiko genuke, Igeldorekin lotura duten gaiei buruzko informazioa jasotzeko. Askotan gertatzen da obrak hasten diren arte ez dugula egitasmoaren berririk. Gainera, Administrazioak egin beharko lukeen lana egitea egokitzen zaigu; lanek araudia betetzen ez dutenean, gu izatea horren berri ematen dutenak. Ez da atsegina aurpegi txarrak jasotzea edo herritar bati salaketa bat jarri behar izatea», adierazi du Zinkunegik.
Aurreko legegintzaldian gutxieneko batzuk adostu zituztela jakinarazi dute; Igeldori buruz Donostiako erregistroan sartzen ziren gai guztiak Herri Kontseiluari jakinaraztea. Egun, komunikazioa eten egin dutela diote. Bilera bat izan zuten udalarekin duela zenbait hilabete, baina bertan hitz egindako beharrek ez dutela erantzunik jaso kritikatu dute. «Bere momentuan, Odon Elorzaren agintaldiaren hasieran, harreman bat zegoen. Ez zegoen sintonia handiegirik, baina errespetu bat zegoen. EH Bildurekin egoera hobetu egin zen, baina udal gobernu berriarekin harremanak ez du emaitzarik ematen», azaldu du Zinkunegik.
Auzo Udalaren proposamena bera ez dutela zuzenean jaso kritikatu dute. «Entzun dugu, baina zuzenean ez digute ezer esan, eta, esan dutena, konkrekziorik gabe izan da», berretsi du. «Udalak udalerriaren dekretuaren kontra helegitea aurkeztu zuenean, Igeldoren afera jorratzeko batzorde bat sortu zuten. Bada, Igeldorekin lotura zuzena duen gai bat izan arren, ez dakigu batzordea bera biltzen den ala ez», erantsi du.
Herritarren zerbitzura
Herri Kontseiluak hiru lan talde ditu, garapen soziala, garapen soziekonomikoa eta hirigintza eta zerbitzuak bermatzeko helburuarekin. Herri Kontseiluko egungo bederatzi kideetatik zazpi berriak dira legegintzaldi honetan, eta ideia berriak ekarri dituzte. «Lan handia egin da urtetan, baina ikusten dugu beharrezkoa dela egindakoa herriarekin konpartitzea, herritarrek informazio zuzena jaso dezaten», azaldu du Zubeldiak.
Igeldok dituen beharrak, baina, ez dira aldatu. «Eskola zaharraren teilatua eta fatxada konpondu zituzten, baina barrukoa ez dago egokitua. Eskola zaharrari erabilera bat emateko asmoa aspaldiko kontua da, baina horretarako Donostiako Udalaren bermea beharko genuke», adierazi du Illarramendik. Eguneko zentro bat, erretiratuentzat espazio bat, ileapaindegi bat Antiguara joan behar ez izateko, medikuaren kontsulta, gazteentzat lokal bat… asko dira planteatutako ideiak. Proposamenak gaurkotu nahi dituzte orain, eta parte hartze prozesu bat sustatu, egitasmo sendo bat aurkezteko.
Igeldoko errepide eta bideen egoera kezka iturri nagusienetako bat dute. «Kanping-era doan bide nagusian –Aita Orkolaga ibilbidean– ez dago espaloirik, arriskutsua da oso. Pilotegiko bidea ere oso egoera kaskarrean dago. Udalerri txikiek dituzten bideak guk ditugunekin alderatuz gero, emaitza oso adierazgarria da. Gure eskaeraren aurrean, kasu honetan, udalaren erantzuna da aldundiak laguntzen diela udalerri txikiei», azpimarratu du Zinkunegik, kontraesana nabarmenduta.
Dbusek Igeldori eskaintzen dion zerbitzua ez dute egokia ikusten. «Erdi hutsik ibiltzen dira autobusak, ez dituztelako igeldotarren beharrak asetzen. Geltokiak eta ordutegiak ez dira egokiak. Igeldotik kanpo lan egiten dutenentzat, esaterako, oso berandu hasten da zerbitzua ematen Dbus. Hirian, orokorrean, beste inon baino beranduago hasten da», iritzi du Zinkunegik.
Aisia eta kultur arloak sustatzeko jasotzen duten diru kopuruarekin ere ez daude pozik. «Auzoko kultur etxearen bitartez bideratzen dute diru laguntza. Guri dagokigun kultur etxea Lugaritz da, eta Antiguara jaistea ekartzen du horrek. Añorgatarrei ere Lugaritz dagokie, eta kexa bera dute», esplikatu du Zubeldiak.
Mendizorrotz natur gunearekin ere kezkatuta daude. «Oso ondo iruditzen zaigu natur parkea izatea, baina ez dute izendapenak beharko lukeen kudeaketa planik egin. Sute asko egon dira, baina proiekturik ez parkearentzat», erantsi du Zinkunegik.