Jurgi Ekizak estreinako bakarkako lana aurkeztuko du Dokan, hilaren 17an. Urte luzez Willis Drummondekin aritu ondoren, bakarrik igoko da agertoki gainera.
Nerea Lizarralde
Jurgi Ekiza. (Argazkia: Jon Iraundegi)
Willis Drummondtaldearen geldialdian sortu du bakarkako lehen lana Jurgi Ekizak (Baiona, 1980), bere burua atzemateko beharra zuen une batean: «Ikasi nor nintzen, eta deskubritu zer eginen nuen, zerbait bakarrik egiten banuen. Eta orduan taldearen geldialdi hori iritsi zen, oso nekatuta baiginen, eta gauzak sobera automatikoak bilakatzen ari baitziren».
Taldetik askatu behar zuela, eta taldeak aurrera egiteko arrazoirik ez zuela pentsatzea «beldurgarria» izan dela esan du. Atseden hartzeak, ordea, on egin diela uste du: «Gure arteko tentsioak lasaitzeko, bakoitza egiten ari ginenaz ziur eta gogotsu egoteko». Jada, berriz elkartzen hasi dira, entseatzeko eta geroari buruz pentsatzeko.
Orain, ordea, Ekizaren momentua da. Agertokira igo eta kanta berriak jendaurrean erakusteko ordua iritsi da berarentzat. Donostian emango du lehen kontzertua, hilaren 17an (20:30), Dokan.
Akustikoan eta bakarrik
Taldean denbora luzez egon ondoren, bakarrik igoko da agertoki gainera. Duela gutxi, Oreretako III. Jaialdi Akustikoan aukera izan zuen kanta berri batzuk jendaurrean probatzeko: «Lehen aldia zen gitarra akustiko batekin bakarrik agertzen nintzela publiko aurrean. Aukera paregabea izan zen hasteko. Publiko ideki bat, eta soilik bi kanta».
Nahiz eta oraindik deseroso sentitu, sentsazioa gustatzen zaiola aitortu du: «Egiteak, eta berriz egiteak, automatismoak emanen dizkit lasaiago pasatzeko. Urteak eman ditut begiak idekirik atxikitzeko Willis Drummonden kontzertuetan, eta hastapenean barne-oihu baten kanporatze hutsa zena, kriston plazerra bilakatu zen. Orain begiak hetsirik jotzen dut, kontzentrazio gehiago behar baitut momentuz. Aldiz, beste plazer bat sentitzen da, biziki intensoa». Akustikoan eta bakarrik, orain arte sekula bizitako «erresonantzia berezi bat» bizitu duela adierazi du.
Urtebeteko lanaren ondoren argitaratu du lan berria. Fase desberdinak pasa ditu: «Aldarte eta emozio guztietatik pasatu naiz. Ekzitazioa, tristura, duda, betetasuna, beldurra eta gozamena. Nagusitu den sentimendua, dudarik gabe, bakartasuna izan da, bere alde on eta txarretan».
Barrua askatzeko
Hasiera batean, beretzako sortu zituen kanta berriak, ez zuen argitaratzeko asmorik: «Kantu izan aitzin, ideia eta oinarri hauek kasik kutsatzen ninduten. Beti itzultzen zitzaizkidan burura, edo eri puntetara gitarra hartzen nuenean. Plazer handia hartu nuen kantak forma hartzen ikusten, eta hori izan zen enetako prozesuaren parterik gozagarriena».
Horrela aski izango zela uste zuen Ekizak, baina benetan abesti hauetaz «libratuta sentitzeko», konpartitu egin behar zituela sentitu zuen, eta horrela erabaki zuen «benetako disko bat» egitea.
Kanta «biluziak»
Kosta egin zaio jendeari abestiak erakustea: «Kanta batzuk oso biluziak dira. Niretzat ezohikoak diren kantatzeko molde batzuk erakusten nituen lehen aldiz. Eta batez ere hitzengatik, letrak biziki pertsonalak baitira». Baina orain diskoa argitaratuta ikustean ohartu da ez dutela deus larri ala molestagarri: «Jende aurrean biluzik agertzeko beldur bat baizik ez zen azken finean. Momentu bakoitzak bere egiak ditu».
Agertokian bakarrik izango da hurrengo hilabetean emango dituen zuzenekoetan, baina aurrerago talde formatuan jotzeko asmoa ere badu: «Lehen fase honetan bederen bakarrik jo nahi dut. Prozesua bururaino eramateko. Disko honen bidez ikasi dut ‘ni’ erraten, eta ez beti ‘gu’. Eta hori agertokiraino eraman nahi dut. Erabaki dut diskoak agertzen den gordintasun hori azpimarratzea».
Diskoan talde soinua duten kanta horiek modu desberdin batean, formatu eta soinu berrietara egokituta, entzuteko aukera izango dute zaleek: «Batzuk akustikoan, beste batzuk elektrikoan… eta beste gauzatxo batzuk ere gehitzen ditut. Ez bainaiz ez, kantautore bat, bere gitarrarekin soilik. Momentu hau konpartitu nahi nuen jendearekin, parez pare».
Zaleen sostengua
Diskoa egiteko prozesu guztia dudaz betea zegoen, baina. Crowdfunding kanpaina sinpleki lan berria egin ahal izateko abiatu zuen: «Nahi nuen ziur izan egiten nuen urrats bakoitza gogotsu eginen nuela, eta ez diruaren kezkak bortxatua».
Posible izan da Crowdfunderrei esker: «Plazerra ematen du, goxoa da norbaiten sostengua sentitzea». Babesa lortu izanak egoera guztiz aldatu zuela azaldu du, dudak izan arren, ezin zuelako dena bertan behera utzi: «Jendearen babesa lortu eta gero, diskoa zor nion jendeari, eta ezin nien hutsik egin. Beraz, egun horretatik banekien diskoa argitaratuko zela, goiz ala berandu, prozesu gogorra bilakatzen bazen ere. Katolikoegiak gara euskaldunak…».
Jurgi Ekizak Donostian, Dokan, emango duen kontzerturako sarrerak aurretik eros daitezke, 6 euroan: Antiguako Trikuharri tabernan eta Dokan, eta Parte Zaharreko Rekalde tabernan eskura daitezke jada. Egunean bertan 8 euroan salduko dituzte, sarreran.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea