Bizkaiko hiriburuko azpiegiturak erabiltzaileak batu ditu sorreratik, baina Renfe eta Bizkaibusen kalterako; garraio publikoen arteko lehiaz ohartarazi dute mugikortasun arloko lau hizlarik
Koldo Mitxelena lepo bete zuten herenegun, Metroari buruzko hitzaldia zela eta. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Donostialdeko Metroaren proiektuari buruzko beste mahai inguru bat antolatu zuen Satorralaia mugimenduak, asteazkenean; garraio publikoaren ikuspuntutik, egitasmoak onurak ekarriko dituen edo ez hausnartzeko, kasu honetan.
Koldo Mitxelena Kulturunea lepo bete zuten berriro, eta oraingoan garraioarekin lotura zuzena duten hizlariak ekarri zituzten: Mugikortasun eta ingurumen aholkulari Jose Fran Cid, Metro Bilbao-ko langile eta Bilboko Garraioen Liburu Zuriaren egile Raul Mendez, Eusko Treneko langile eta LABeko ordezkari Oskar Bordes eta Dbus-eko langile eta Kurpil sindikatuko lehendakari Iosu Iribar.
Lau hizlariek ondorio bera atera zuten: garraio publikoen arteko lehia sortuko litzateke, Metroa eraikiz gero. Baieztapen hori defendatu du hastapenetik Donostialdeko Metroaren aurkako mugimenduak. Bada, aurrerantzean, ideia hori berresteko beste argudio bat du: Bilboko Metroaren esperientzia, hain zuzen ere.
Raul Mendezek jakinarazitako datuek ez dute zalantzarik utzi: Bilboko Metroak erabiltzaileak batu ditu 2003 eta 2012 urte bitartean, baina Renfe eta Bizkaibusen kalterako. «Azken hamar urteetan Bilbon izan dugun esperientzia azaltzeko etorri naiz honera, baina helburu konkretu batekin: mesedez, ez ezazue Bilboko esperientzia kopiatu», esan zuen, eta Bizkaiko erakundeek Donostian erabilitako argudio berdinekin defendatu zutela egitasmoa ekarri zuen gogora.
2003 eta 2007. urteen artean, Bilboko Metroak gora egiten zuen bitartean, Bizkaibusek eta Renfek 6 milioi bidaiari galdu zituen bakoitzak, Mendezek emandako datuen arabera. Bitartean, ibilgailu pribatuaren erabilerak berdin jarraitu zuen: «Bilbok ez du ezer egin autoen etorrera saihesteko». 2007. urtetik aurrera garraio publikoaren joerak bere horretan jarraitu du: «Frogatu da Metroaren lehiakide zuzenak Bizkaibus eta Renfe direla, ez ibilgailu pribatua».
Jose Fran Cidek ere hitz egin zuen garraio publikoaren lehiari buruz: «Kanibalismo antzeko zerbait gertatzen ari da bezeroak kentzeko, eta hau ez da onargarria». Bezeroak «mokaduka» kentzen ibili beharrean, erakundeek mugikortasunaren kudeaketa egokia egin beharko luketela gomendatu zuen. Izan ere, kontraesan bat ematen dela aipatu zuen; espazio gutxien duen garraio mota, erabiliena da: «Garraio mota erabiliena oinez ibiltzea da. Gogoeta egiteko balio beharko luke datu honek».
Aurreikuspen «irrealak»
Iosu Iribarrek, bere aldetik, Dbus-ek 2010. urtean egindako azterketa ekarri zuen mahai ingurura. Metroaren egitasmoak autobus konpainian zer nolako eragina izango lukeen azaltzen du txostenak. Hemen ere, datuek ez dute zalantzarik utzi: «Bost milioi bidaia galduko lituzke Dbus-ek, gutxienez».
Iribarrek gogor kritikatu zuen Eusko Jaurlaritzak esku artean dituen aurreikuspenak. «Guztiz irrealak» direla azpimarratu zuen: «2030. urterako, Jaurlaritzak dio biztanle bakoitzak 201 bidaia egingo dituela urtean. Gaur egun, herritar batek 157 bidaia egiten ditu urtean Dbus-en, eta Espainia mailan lehen postuetan gaude. Jaurlaritzaren aurreikuspena astakeria hutsa da».
Oskar Bordesek egun dagoen azpiegitura hobetzearen alde egin zuen, berriak eraiki ordez, Topoaren ibilbide gehiena trenbide bakarrekoa dela kontutan izanik: «Ez da ulertzen, oraindik orain, 2016an, Eusko Tren eta Renfe arteko aldageltokirik ez egotea». Datu kezkagarri bat eman zuen: Topoaren tuneletan hiru metroko zabalera dago, ibilgailuek 2,60 metroko zabalera dutenean.