Euskaraz Eguna ospatuko dute bihar, hainbat eragilek zortzi astez eguneroko bizitza euskaraz egin eta gero; parte hartzaileek bizipenak trukatuko dituzte
Urtarrilaren 8an jarri zuten abian Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako egitasmoa. (Argazkia: A. Sorzabal)
Egia Euskaraz batzordeak Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako proiektuari ekin zion urtarrilaren hasieran. Orduz geroztik, zortzi astez, eguneroko bizitza euskaraz egin dute hainbat eragilek auzoan, astebeteko txanden bitartez.
Bada, Egia Euskaraz Egunarekin biribilduko dute egitasmoa, bihar. Goizean eta arratsaldean egingo dituzten ekitaldiak ez ezik, esperientzia trukea ere egingo dute, 11:00etan. Horrenbestez, zortzi aste hauek eman dutena konpartituko dute eragileek. Irutxuloko Hitzak txandetan parte hartu duten auzotar batzuen lekukotasunak bildu ditu ondorengo lerroetan.
Egia Bizirik auzo elkartea izan zen, Trebeska dantza taldearekin batera, lekukoa hartzen lehena. Esperientzia berritzat jo du auzo elkarteko kide Berdaitz Gurutzeagak. Azaldu du euskaraz hitz egin ohi duela gehienetan, eta, beraz, berritasuna izan dela normalean erdaraz hitz egiten duen ezagun horiekin izan duen bizipena: «Gaztelaniaz aritzen naizen ezagunekin euskaraz egitea esperientzia martzianoa izan da. Lehen hitza euskaraz egitea izan da irizpidea. Eta honek ohitura aldaketa bat ekar dezake, eta hori ere berritasun bat da».
Euskaraz hitz egiten ez dakitenekin oso oinarrizko euskara hitz egin duela azaldu du: «Egiako harakin batekin, adibidez, adostuta neukan nik euskaraz egingo niola, nahiz eta berak gaztelaniaz erantzun. Eta gustuz hartzen du. Ez gaude elkarrizketa elebidunak izatera ohituta, eta hori izan da berritasuna».
Txondorra guneko Gorka Esnalek «normaltasunez» hartu du Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako kanpainaren barruan egin duen txanda. Gauza onak eta txarrak ikusi ditu Esnalek. Txarrak, «betikoak, euskaldunon kontraesanak».
Hain zuzen ere, euskaldunen artean erdaraz egiteko joera nabarmendu du. Parrandan atera zirenekoa azaldu du: «Askotan gazteleraz egiten genuen. Kalanbre bat ematen zidan erdaraz egiten nuen bakoitzean. Abisu hori sartuta neukan. Askotan erdaraz egiten dugula konturatu naiz, eta landu behar dugula».
Lanbiden egiten ari den ikastaro batean izan duen esperientzia ere kontatu du: «Irakasleak euskaldunak dira. Ikasleak, hamabostetik hamahiru euskaldunak. Eta eskola guztiak gazteleraz egiten ditugu. Diskriminazio latza da».
Saltokietan beti bezala aritu dela adierazi du. Ohi bezala, euskaraz egin du, baina jarrera aldaketa txiki batekin: «Irribarre batekin edo, jarrera aldaketa bat topatu dut. Jende askok, nahiz eta euskaraz ez jakin, galdetu dizkit gauzak, ziurtatzeko ongi ulertzen ari zela».
Orokorrean, esperientziak buruan abisu hori pizteko balio izan diola azaldu du: «Gazteleraz egiten dudanean abisu edo kalanbre hori ematea. Ea saiatzen garen, astebete izan beharrean, beti gertatzea hori. Eta pixkat jendearengan eragin. Gugan eragin behar dugu, guk baitugu arazo nagusia».
Idoia Trenorrek ere parte hartu du esperientzian, Txondorra guneko kide bezala honek ere. Administrazioan izan ditu zailtasunak, Eusko Jaurlaritzan eta Ogasunean: «Niri egokitu zitzaizkidan langileek ez zekiten euskaraz hitz egiten. Gazteleraz esan nien nik euskaraz egingo niela. Nahiz eta beraiek gaztelaniaz egin, nik euskaraz egin nien, ulertzen zutelako. Harrigarria iruditzen zait oraindik Administrazioan euskaraz ez dakien jendea aurkitzea».
Kontzientzia hartzeko
Estitxu Fernandezek, bere aldetik, Egiako Haurgunearen izenean parte hartu du: «Nik ere pentsatzen nuen beti egiten nuela euskaraz. Eta bai, lehen hitza euskaraz egiten dut, baina ez dut beti euskara mantentzen, nahiz eta besteak euskaraz ulertzen duen. Adibidez, medikuarenean. Pediatrara joan ginen, ordezkoa zegoen. Lur ez zegoen gustura. Eta nik banuen presa, eraginkorra izatea nahi nuen afera. Handik alde egin. Azaleko gauzak euskaraz ongi, baina, ondoren, bera gazteleraz, eta ni neu ere gazteleraz, besteak ulertzeko. Nire mugak ikusi ditut. Hau ariketa ona izan da kontzientzia hartzeko».
Beste bizipen bat kontatu du: «Belar denda batera ere joaten naiz sarri-sarri. Hango nagusia euskalduna da, baina langilea argentinarra da. Ez du ulertzen. Ez gara lagun minak, baina konfiantza badugu. Halere ez naiz ausartu esatera, ‘saiatuko gara zu gazteleraz eta ni euskaraz?’ Ez dakit nola esan berari, aldatzeko. Modu batera hasi baduzu harremana, kostatzen da aldatzea».