Ume-eramaileak biltzeko kanpaina bat jarri du abian Donostiako ama talde batek, Siriara bidaltzeko helburuarekin; hirian, zazpi gunetan ari dira materiala jasotzen.
Kanpaina abian jarri duten zenbait ama, euren seme-alaba eta ume-eramaileekin batera. (Argazkia: Lide Ferreira)
Duela zenbait hilabete Nagore Garcia Vicuñak sare sozialetan ikusi zuen Estatu Batuetako ama baten istorioa: «Berak Grezian familia dauka, eta errefuxiatuen egoera ikusita, pentsatu zuen hainbat ume-eramaile bildu eta bere familiara bidaltzea, bertako errefuxiatuen artean banatzeko».
Estatubatuarraren ideia «izugarri handitu da: fundazio bat sortu dute, jendetza dute lanean boluntario gisa, eta milaka ume-eramaile bidali dituzte».
Emaitza ikusita, Donostian horrelako zerbait sortzeko gogoa piztu zitzaion Garcia Vicuñari. Bere lagun Marian Bernalek Grezian lanean ari diren itsasoko salbamendu taldeko jendearekin du harremana, eta beraiei eskatu zieten laguntza.
Eibarren lan egiten duen CARE izeneko batzordearekin hitz egiteko gomendatu zieten, eta Eibarrekoek Madrilgo Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin egiten dutela lan azaldu zieten. «Hauek 2011tik daude lanean, eta biltzen duten material guztia Siria barruraino eramaten dute. Gainera, lotura politikorik gabeko erakundea da, bereziki jendearen dohaintzen bidez finantzatzen dena», esan du Garcia Vicuñak.
Beraz, erabaki zuten Donostian biltzen zituzten ume-eramaileak beraiek eurek Eibarrera eramango zituztela, eta Eibarretik Madrilera irtengo zirela, Eibarren bertan biltzen ari diren beste materialarekin batera.
Behin bidalketa prozesua lotuta izan dutenean, abiarazi dute kanpaina. Donostian sei bilketa gunerekin hasi dira, baina berehala zazpigarren bat gehitu zaie: Ulia Ekodenda. Bernalek Kabi Etxe bat du Intxaurrondon, eta, hirian zehar ere beste etxe batzuk daudenez, euren laguntzarekin ere ari dira lanean: «Haurren munduan lan egiten dugunez eta ama askorekin egoten garenez, kanpaina ikusarazteko bide ona zela iruditu zitzaidan; gainera, guk ume-eramaileei garrantzi handia ematen diegu, eta gure egunerokoan tresna oso baliagarriak dira», azaldu du Bernalek.
Hala, mota guztietako eramaileak biltzen ari dira: motxilak, fularrak… «Egokiena da ergonomikoak izatea, baina jende askok bestelakoak ditu, eta horiek ere biltzea baloratuko dugu; ezer baino gehiago delako», nabarmendu du Garcia Vicuñak.
Informazioa zabaltzeko, Facebooken sortu duten orrialdea dute euskarri nagusi gisa –Facebook.com/PortabebesparaSiria –, baina Donostian zehar ere kartelak jarri dituzte. Gainera, webgune bat ere eratu dute: Portabebesparasiria.es.
Izan ere, Donostiako kanpainak arrakasta handia izan du, eta jada ia ehun hiritara zabaldu dute. «Ez nuen pentsatzen jendea hain azkar gehituko zenik; Perutik ere deitu digute eta pertsona askok ume-eramaileak erosi dituzte lagundu ahal izateko; bala-bala hedatu da», azaldu du Garcia Vicuñak pozik. Horregatik, webgunea guztientzako gune propio bat izatea nahi dute.
«Keinu txiki bat»
«Oinarrian dugun ideia da amen arteko elkartasuna. Iruditzen zaigu ama batek besteari laguntzea oso garrantzitsua dela. Kasu honetan, oso urruti ditugun ama batzuk dira, baina badugu modu bat laguntzeko. Beraiek bizi duten drama horretan keinu txiki bat besterik ez da, baina, aldi berean, laguntza handia ere izan daitekeela uste dugu», azpimarratu du Garcia Vicuñak.
Errefuxiatuak telebistan ikusten dituztenean larritasuna sentitzen dutela dio Sara Alvesek, kanpainan parte hartzen ari den beste ama batek: «Haurrak beraien amaren besoetatik tiraka ikustean larritu egiten naiz. Are gehiago, jakinda ume-eramaile batekin erosoago egongo liratekeela».
Horregatik, ama errefuxiatuek eskuak libre edukitzea abantaila handia izango dela ziur daude: «Siria utzi behar badute, eskuak libre edukiko dituzte beste semeak eramateko, adibidez. Gainera, ume-eramaile batekin bizkarra ez zaizu hainbeste nekarazten, umeak besotan eramaten dituzunean bezala. Umeak lasaiago daude, amaren edo aitaren gorputzera itsatsita daudenean. Beharbada batzuk ez dira Siriatik aterako, baina bertan duten bizimodua ere ez da lasaia, eta hau laguntza txiki bat izan daiteke, lasai eta seguruago egoteko modu bat».
Esaten dutenez, jendeak asko eskertzen die egiten ari diren lana: «Ez da dirua jartzea bezalakoa, parte hartze emozional bat ere badago; eta, hein batean, ama bakoitzaren zati bat bidaltzen ari gara».
UME ERAMAILEAK BILTZEKO GUNEAK
- AMARA
Bihotzez Kabi Etxea
Tel.: 620 45 04 61
Facebook
- ERDIALDEA
Pinpilinpauxa
Easo kalea, 81
Astelehenetik larunbatera.
Pinpilinpauxapl.com
- EGIA
Maria Reina Eskola
Ametzagaina kalea, 52
Astelehenetik ostiralera.
Mariareinaeskola.com
- INTXAURRONDO
Nahieran Kabi Etxea
Tel: 656 75 43 38
Facebook
- GROS
Strogoff Komunikazioa
Ategorrietako galtzada zaharra 12, behea
Tel.: 630986610
Astelehenetik ostiralera.
Strogoff.es
- GROS
Txoriak Txori Kabi Etxea
Tel.: 605760086
Facebook
- GROS
Ulia Ekodenda
Claudio Delgado doktorearen kalea, 1
Ekodendaulia.com