Egia Euskaraz Egunean egon da Lutxo Egia, eta auzotarren esperientzien berri izan du.
Lutxo Egia, Plaza Haundiko Kalakategian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Lutxo Egia idazle bilbotarrak egindako esperientziatik hartu zuten ideia egiatarrek, eta hortik sortu zuten
Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako. Hilabetez bete zuen idazleak konpromisoa euskaraz bakarrik hitz egiteko; egiatarrek, berriz, zortzi astetara luzatu dute esperientzia, era kolektiboan. Idazlea bera Egia Euskaraz Egunean egon da, eta auzotarren esperientzien berri izan du. Atseginez erantzun ditu, gainera, IRUTXULOKO HITZAk egindako galderak: “Harrituta eta lotsatuta geratu nintzen deitu zidatenean. Jarduera oso interesgarria iruditzen zait, eta 300 lagunek parte hartzea lortu dute”.
Berak egindakoa eta Egiakoa desberdindu ditu idazleak: “Hemen jendea astebetez aritu da, eta beharbada ez euskaraz bakarrik, baina euskaraz bizi izan da egunerokoan. Nik aztertu nahi izan nuen nola bizi zitekeen euskaraz, Bilbo bezalako hiri batean, eta ia aktore baten gisa aritu nintzen”. Edonola, antzeko pasarteak izan dituztela dio: “Konturatzen ari naiz niri gertatutakoak eurei ere gertatu zaizkiela. Etengabean bi gauza aipatu dituzte, talka eta harridura. Hizkuntz ohiturak aldatzean sortu dira talkak, denda batean lehen hitza, bigarrena, hirugarrena… euskaraz egitean, eta deserosotasunak kudeatzen jakin behar da, hor dago gakoa. Harridura erdaldunegan sortu dute, baina baita euren burengan ere; egoera batean edo bestean moldatu direlako”.
Azken batean, halakoek errealitatea aldatuko ez duten arren, esperientzia baikorrak direla uste du. “Euskaraz bizi ahal izateko gazteleraz ere biziko gara beti, baina hautatu dezakegu hizkuntza bakoitza noiz erabili. Halakoek ez dute ezer ere aldatuko, hori argi dago, baina jakin dezakegu zein den gure tokia gizarte honetan hizkuntzari dagokionean”.